Cours d'été sur la coopération universitaire transfrontalière

Mugaz gaindiko unibertsitate lankidetzari buruzko uda ikastaroa

23.07.2024

Mugaz gaindiko Uda ikastaroen hirugarren edizioa ireki zuen Euroeskualdeak, mugaz gaindiko unibertsitate lankidetzari buruzko ikastaroaren bitartez, iragan uztailak 15, Baionako Arteen Hirian. 50 bat pertsona inguruk parte hartu zuten tailer horretan, zeinak unibertsitateen eta lurraldeen arteko lankidetza-aukerak eta -erronkak aztertzea ahalbidetu baitzuen.

Mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetza, Europa eta eskualde mailako konpromiso

Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeako proiektu-arduradun Leyre Azconak sarrera egin ondotik, uda ikastaroaren lehen atala goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa ardatz dituzten europar eta eskualde politiketan oinarritu zen. Hasteko, Tine Delvak, Europako Batzordeko Goi-mailako Irakaskuntzako unitateko atxikitako arduraduna, gai horiei buruzko europar erakundeen posizionamendua azaldu zuen, eta hezkuntza integrazio-, kohesio-, eta kongergentzia-prozesuetarako erraminta baliagarri dela oroitarazi, esparru horretan Europa mailan egitasmo dezente garatu diren ber. Egun, Blue print for European degrees ekimenaren bidez, europar kualifikazio-mota berrien konfigurazioa prestatzen ari da Europako Batzordea.

Ondoren, Nafarroako Gobernuko unibertsitate, berrikuntza, eta eraldaketa digitalerako kontseilari Patricia Fanlok, eta, Eusko Jaurlaritzako unibertsitate eta ikerkuntzarako sailburuorde Adolfo Moraisek, beren gobernuen unibertsitate estrategiak aurkeztu zituzten. Ezagutzaren partekatzea, nazioartekotzea eta bikaintasun akademikoaren garapena izan ziren aipatutako helburu nagusiak. Horretarako, unibertsitate-ekosistemen sorrera eta itun eta hitzarmenen garrantzia azpimarratu zituzten.

Elkarrengandik ikastea: mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetzako ekimenak eta sareak

Uda ikastaroaren bigarren atalak mugaz gaindiko ekimenak aztertzea ahalbidetu zuen, bai eta haien lurralde-eragina ere.

Arola Urdangarinek, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariak, eztabaida-saioa abiatu zuen, Euroeskualdeko unibertsitate lankidetza-estrategia aurkeztuz. Haren esanetan, Euroeskualdeko unibertsitate estrategiak zenbait ekimen barnebiltzen ditu, Euroeskualdeko beka kasu, zeinak Euroeskualdeko eremuan ikasleen mugikortasuna diruz laguntzea ahalbidetzen baitu, edota unibertsitate lankidetzarako zuzendua den UNINAEN plataforma berria. Xosé Lago Garciak, Galicia Norte de Portugal LLETaren idazkariak, IACOBUS dispositiboa aurkeztu zuen, mugaz gaindiko zientzia eta teknologia lankidetza-programa, zeinak ikerkuntza-egonaldietarako, argitalpen zientifikoetarako eta patenteetarako dirulaguntzak eskaintzen baititu.

Ondoren, Eric Tschirhart-ek, Leg-UniGR proiektuaren koordinatzaileak, Grande Region-eko unibertsitatearen historia aletu zuen, bai eta Leg-UniGR-rena ere, europar unibertsitateen estatutu juridiko berri baten egingarritasuna egiaztatzea helburu duen ikerketa-proiektua. Lau herrialde ezberdinen arteko unibertsitate-lankidetzaren zailtasunak nabarmendu zituen.

Azkenik, Miriam Ruiz Yánis-ek, Euskampus Fundazioan elkarlaneko berrikuntza arduradunak, LTC Sarea aurkeztu zuen, zeina baterako ikerketak eta mugaz haraindiko baliabideen trukea garatzea xede duten mugaz gaindiko lankidetzarako laborategiek osatzen duten. Thomas Schäfer-ek, Ikerbasqueko irakasle eta ikerlariak, BioMINT inkubagailua aurkeztuz argitu zuen hitzartzea: bi laborategiren bateragarritasunean oinarritutako proiektua da, bata, biofisikan espezializatutakoa, Bordelen, eta, bestea, ingenieritza kimikoan espezializatutakoa, Donostian.

Azken atala unibertsitate-lankidetzaren sareetara eskaini zen, Eusko Jaurlaritzako Europako Batasunerako zuzendari Mikel Antonen eta Crusoe Sarearen ordezkari Antonio Lopez-en hitzartzeekin. Lehenak, Arku Atlantikorako berrikuntza eta ekonomia-, giza-, eta kultur -garapen jasangarrirako helburuak aletu zituen. Bigarrenak, Crusoe sareaz jardun zuen, zeinak Espainia eta Portugalen eskualde-garapena eta espezializazio adimentsua sustatzea helburu dituen. Bi hizlarien aburuz, mugaz gaindiko lankidetza ezinbestekoa da asmo handiko proiektuetarako bidea urratzeko eta bikaintasun akademikorako guneak sortzeko, bai eta europar lurraldeetan kultura sustatzeko ere.

Mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetza: mugaz gaindiko lurraldeentzat erronka ugaridun garapen-aukera

Uda ikastaro hau mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetzaren ikuspegi eta ikuskera ezberdinak partekatzeko baliatu zen. Lehendabizi eskualdekoa eta bigarrenik europarra izan daitekeen goi-mailako hezkuntzarako baterako gune erreal baterantz aurrerapausoak emateko xedez, sustapen politikoaren eta hedatutako lurralde-estrategien berri ematea ahalbidetu zuen ikastaroak. Unibertsitate-lankidetza garapen ekonomiko eta akademikoaren aukera gisa aurkeztu zen, baina baita asmo handiagoko proiektuak abian jartzeko aukera gisa ere, lurraldeen osagarritasunari etekina atereaz.

Hizlariek bat egin zuten, alde batetik, lankidetzak erronka andana dituela baieztatzean, eta, bestetik, Europako herrialdeetako lege-, administrazio- eta kultura-ezberdintasunetatik eratorriak diren muga ugari ere dituela adostean. Zailtasun horiei aurre egiteko asmoz, hizlariak elkarlanean jarduteko deia zabaldu zuten, beste mugaldeetan inspirazio hartuta. Tine Delvaren hitzetan, ez baita soilik Europako erakundeen afera, “guztion ardura da”.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?