2e Assemblée générale Eurorégion 2024

Euroeskualdeak 2024ko bigarren batzar nagusia ospatzen du

15.04.2024

Akitania-Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak urteko bigarren batzarra ospatu du Nafarroako Foru‑erkidegoa buru zelarik, presidentetza ofizialki onartu baitzuen martxoaren 4an ospatutako batzarrean, 2026ra arte kargua mantentzeko asmoz.

Beste gaien artean, Hendaian egun hartan bildutako elkarteko ordezkariek kontu administratiboak eta 2023ko kudeaketa kontuak onartu zituzten, baita 2024rako 2,8 milioi euroko aurrekontua ere.

Aurten, 2023an bezala, proiektuen deialdietara bideratutako saila 900.000 eurokoa izango da, non 500.000 euro apirilaren 30era arte irekita dagoen lehen deialdiari eskainiko zaion, “Euroeskualdeko hiritartasuna” ardatzera bideratuta egonik, eta beste 400.000 euroak irailaren amaieran irekiko den bigarren deialdiari eskainiko zaion, “Euroeskualdeko Berrikuntza” ardatzera bideratuko dena.

Beste aldetik, 300.000 euro erreserbatuko dira Lankidetza estrategikoak sinatzeko, baita 60.000 euro “Euroeskualdeko Bekaren” edizio berri baterako, ikasleen eta doktoregaien mugikortasun akademikoa sustatzeko mugaren bi aldeetan.

Bi tresna Euroeskualdean lankidetza zabaltzeko: Lankidetza estrategikoak…

Proiektuen deialdietaz gain, mugaz gaindiko ekosistemako eragileen artean lankidetza estrategikoak babestea agintzen du Euroeskualdeak.

Martxan dauden lankidetzen artean Euskal Rugby nabarmendu dezakegu, izan ere hori osatzen duten errugbi federazio ezberdinei kirol topaketetan parte hartzea eta kirol-jardunbide egokiak partekatzea ahalbidetzen die.

2023. urtean, bi lankidetza estrategiko berri onartu dira. Alde batetik ETESS lankidetza daukagu, ANELen (Nafarroa), KonfeKoop‑en (Euskadi) eta CBE du Seignanx‑en (Akitania Berria) babesarekin. Helburua ekonomia sozial eta solidarioko mugaz gaindiko eremu bat bultzatzea da, Euroeskualdeko lurraldeko eraldaketa sozialerako lankidetza mekanismo gisa. Bestetik Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Institutua (ICT) daukagu, Pauko Unibertsitateak (UPPA, Akitania Berria) burututako proiektua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (UPNA) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU), parte‑hartzearekin. Helburua mugaz gaindiko errealitatearekiko ezagutza hobetzea eta eremuko arazoei erantzun zientifikoak ematea da.

… eta Euroeskualdeko Beka

Segidako hirugarren urtez, Euroeskualdeak kudeatu du zuzenean ikasle eta doktoregaientzako Euroeskualdeko mugikortasun beka. Tresna honek, 2015ean lankidetza estrategiko gisa sortu zenak, Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako unibertsitateetako ikasleei hilean 300 euroko beka eskuratzea ahalbidetzen die, haien ikasketen mugikortasuna hiru lurraldeetako batean egitea finantzatzeko. Beste laguntzekin konbinatu daitekeen beka horrekin, sentimendu euroeskualdetarra indartu nahi da, gertuko nazioarteko mugikortasun dinamika sustatuz.

Egun beka bi alderdietan banakatzen da: lehena gradu eta graduondoko ikasleentzat eta bigarrena doktoretzako ikasleentzat. 2023an Euroeskualdeak finantza‑laguntza eskaini zien ikerketarako edo kotutoretza kontratua zeukaten 6 doktoregairi, 24 hilabeteko soldatarekin. Ikasleei dagokienez, Euroeskualdeak 87ri eman zien beka, 172 hilabeteko soldataren baliokidea horien artean banatuz.

Eskaerak urte osoan zehar aurkeztu dezakete doktoregaiek, eta ikasleek uztailaren 1etik urriaren 1erako epea izango dute.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?