COVID-19-ak eragindako krisi egoeraren hasieratik, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak krisialdiaren ondorioak lausotzeko lanean dihardu.
Mugaz gaindiko normaltasunaren berreskurapenean eragile aktibo bat izate aldera, 2014-2020 Plan Estrategikoaren sektore gakoekiko konpromisoa berretsi du LLET Euroeskualdeak (Euroeskualdeko hiritartasuna, ezagutzaren ekonomia eta lurralde iraunkorra). Errefortzu honek, 2020ko “Euroeskualdeko hiritartasuna” proiektu-deialdiaren bitartez gauzatzeaz gain, mugaz gaindiko lankidetzan eragile aktibo gisa egiten duen ekarpenarekin bat egiten du.
Era berean, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen txandakako Lehendakari Iñigo Urkulluk gutun bat bidali die Espainiako Gobernuko Presidenteari eta Frantziako Gobernuko Lehen Ministroari, hiru gobernuen izenean, zenbait kasutan biztanleen mugaz gaindiko mugikortasuna zabal dezatela eskatzeko, besteak beste, familia harremanak, harreman sozioekonomikoak eta osasun-harremanen kasuetarako.
Gaur egun, COVID-19aren ondorioz mugako bi aldeen artean dagoen mugikortasun-debekuaren salbuespenak zabaltzea da helburua eta, hala, honako kasu hauetan mugikortasunerako aukera ematea:
- Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN) edo antzeko izaeradun beste erakunde batek finantzatutako mugaz gaindiko proiektuak.
- Mugatik hurbil bizi eta egunerokotasuna alde bietan egiten dutenak. Familiako, gizarte eta ekonomiako arrazoiak; ez, ordea, aisialdiko kasuetan.
- Ohiko mugikortasuna osasun-motiboengatik: mediku-kontsultak eta paramedikuak.
Euskadiko eta Akitaniako gobernuek Euroeskualdea sortu zuten 2011n kohesionatua, lehiakorra eta harremanetan aberatsa den lurraldea garatzeko helburuarekin. Ondoren, Nafarroako Gobernuak bat egin zuen proiektuarekin, eta ordutik, hiru gobernuek gero eta lankidetza emankorragoa bultzatzen dute eremu desberdinetako eragileen artean (kultura, enpresa, unibertsitateak, kirola, etab.). COVID-19aren krisiak eta hari aurre egiteko dauden murrizketek eragin zuzena izan dute mugaz gaindiko harremanean, eta, ondorioz, harreman hori minimoetan dago; hala ere, egoera hori ez litzateke behar baino gehiago luzatu beharko. Euroeskualdeak sustatzen dituen mugaz gaindiko proiektu guztiek eragin latza jasan dute beren garapenean, eta haietako asko atzeratzen ari dira, Euroeskualdeko lurraldearen barruan mugitzeko askatasunik ez dagoelako.
Ildo beretik, datozen egunetan internet bidezko galdetegi bat jarriko du martxan Euroeskualdeak, mugaren itxieraren eragin sozio-ekonomikoa neurtzeko.