2e Rencontre universitaire eurorégionale

UNINAEN lankidetza-plataformaren abia jartzea Euroeskualde Unibertsitateko 2. Foro topaketan

14.02.2024

Otsailaren 12an, Biarritzen (Frantzia), Euroeskualdeko Unibertsitate Topaketaren bigarren Foroa egin zen, eta Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako 150 profesional baino gehiago bertaratu ziren. Ekitaldian, lurraldeko unibertsitateen arteko sinergiak sustatzeko diseinatutako UNINAEN lankidetza digitaleko plataforma berria aurkeztu zen ofizialki.

Jardunaldiaren helburua parte-hartzaileak beren esperientziak partekatzera animatzea eta Euroeskualdean lankidetza akademikorako aukera berriak sustatzea zen. Ekimen hau Euroeskualdeko unibertsitate-lankidetzarako estrategiaren parte da. Estrategia hori 2022ko lehen unibertsitate-foroan abiarazi zen, eta hiru eremutan oinarritzen da: tokiko eragileen arteko sareak sortzea, ikerketa eta prestakuntza, eta ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzea Lurralde Lankidetzarako Europako Taldearen barruan (LLET).

Ekitaldiaren buru izan ziren Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Patricia Fanlo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburua; eta Gérard Blanchard, Akitania-Berria Eskualde Kontseiluko Goi Hezkuntzako eta Ikerketako lehendakariordea.

Hiru sailburuak bat etorri ziren Euroeskualdeak antolatutako ekimen honen garrantziaz, eta azpimarratu zuten beharrezkoa dela sareko ikuspegian oinarritzea eta mugaz gaindiko lankidetza indartzea, eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialerako ezinbesteko tresna baita.

UNINAEN, unibertsitate-lankidetzarako plataforma digital berria

UNINAEN plataforma hurbileko unibertsitate-harremanetan sakontzeko ikuspegi horretan sartzen da zuzenean. Plataforma hau lurraldeko unibertsitate-eragileentzako informazio- eta truke-atari bat da. Plataformak euroeskualdeko unibertsitate-sarea osatzen duten unibertsitateen eta goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeen kontsulta erraztuko du, eta hiru lurraldeetako unibertsitate-komunitatearen artean sareak   sortzen lagunduko du (irakasleak, ikertzaileak, mugikortasun-arduradunak, proiektuen kudeatzaileak).

UNINAEN elkargune gisa sortu da, solaskide guztien artean sinergiak sortzeko. Topagune “bizia” da, mugaz gaindiko proiektu berrietan gauzatuko diren esperientziak eta kezkak partekatzeko aukera ematen duena.

Unibertsitate-lankidetzarako aukera berriak identifikatzea

Foroan zehar gaikako aurkezpenak eta bilerak ere antolatu ziren, euroeskualdeko unibertsitate-ingurunea eta bertako protagonista nagusiak hobeto ezagutzeko. Era berean, jardunaldiak hiru saio paralelo izan zituen:

  • ekitaldian parte hartu zuten hiru lurraldeetako 11 unibertsitateetako errektoreen eta errektoreordeen bilera, erronkak eta lankidetza- aukerak partekatzeko.
  • Bestalde, mugikortasunaren eta praktiken arduradunek bilera egin zuten euroeskualdeko unibertsitate- sistema integratuago baterantz aurrera egiteko, ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatuz, hurbileko nazioartekotzeari balioa emanez.
  • hainbat unibertsitatetako ehun bat ikertzaile bildu zituen saioa, etorkizuneko proiektu bateratuak identifikatzeko.

Gainera, B2B bilerek eta pitching-ek aukera eman zieten parte-hartzaileei elkar ezagutzeko, beren proiektuei buruz eztabaidatzeko eta lankidetza-aukera berriak identifikatzeko.

[Irudi bilduma deskargatu hemen]

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?