TRANSFERMUGA-RREKIN: mugaz gaindiko mugikortasunerako aurrerapenak

01.06.2022 Mugikortasuna

Akitania Berria-Euskadi Nafarroa euroeskualdeak maiatzaren 16an itxi zuen mugaz gaindiko mugikortasun-proiektua, Ficoban (Irun) emaitzak aurkezteko jardunaldi batekin.

Mugaz gaindiko eremuan mugikortasun jasangarria eta bidaiarien intermodalitatea sustatzeko xedearekin, proiektua 2020. urtean abiatu zen Interreg POCTEFA 2014-2020 programazioaren hirugarren proiektu-deialdian. Transfermuga eta Transfermuga 2 aurreko edizioek europar finantzazio mekanismo bera izan dute.

Itxiera-ekitaldira Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroako lurraldeetako hautetsiak izan dira: Mathieu Bergé, Mikel Anton eta Izaskun Goni, hurrenez hurren. Era berean, Euskal Hirigune Elkargoko eta horren mugikortasun sindikatuko ordezkariak izan dira, baita Euskal Trenbide Sareko eta SNCF azpiegitura filialeko ordezkariak ere.

Mugaz gaindiko trenbide lotunearen estudioei dagokienez, Euroeskualdeak txosten exekutibo bat aurkeztu du. Azterlanean mugaz gaindiko eskaintza multimodala eta trenbide zerbitzu berriaren antolakuntza eta gobernantza ikertu dira. Donostia eta Irun bitarteko zabalera mistoko burdinbideari gagozkiolarik, azpiegitura-agertoki berriak irekitzen dira, mugaz gaindiko tren zerbitzu berriak martxan jar daitezke, mugatik hegoaldera eta iparraldera existitzen diren aldiriko eta eskualde-zerbitzuekin osagarritasunak direnak, hurrenez hurren. Partaideak mugaz gaindiko lankidetza kontsolidatuaren beharraz mintzo dira, Donostia eta Baiona bitarteko haustura gabeko zerbitzua agintaritza ezberdinen emaitza izango dela azpimarratuz. Aurreikuspenen arabera, 2028tik aurrera aipaturiko zerbitzuak kontratu bakar baten baldintzapean jar litezke abian.

Ekitaldian Euroeskualdeak burututako ekintzak aurkeztu dira. Besteak beste, proiektu-buruak Transfermuga web gunea berregituratu du, erraminta sinpleago eta intuitiboago bat eskainiz. Jarduera honen helburua mugaz gaindiko eta Euroeskualde osoko garraio publikoarekiko informazioa erraztea izan da. Horrez gain, web gune berean ibilbide planifikatzaile aurreratuago bat txertatu da, zeinaren datu-baseak hiru lurraldeetako garraio publikoaren estaldura bermatzen duen. Bestela esanda, Transfermuga planifikatzaileak distantzia motz, ertain eta luzeetan ibilgailu pertsonal ez beste mugikortasun moduetan aterabideak eskaintzen ditu. Programazio fase honetan, berritasun nagusia sakelako aplikazioan datza, web guneko ibilbide planifikatzailearen funtzioak bereganatzen dituena.

Aisialdi eta turismo atal bat garatzeaz gain, Euroeskualdeak kode irekiko baliabidea bat jarri du eskutara, datu irekien aldeko konpromisoa berresteko asmoarekin. Bereziki, Transfermugak europar arau eta estandarrak errespetatzen dituzten garraio datuak eskuratzeko aukera eskaintzen du, Netex formatuan hala nola. Horrez gain, bideragarritasun analisi baten bitartez, mugaz gaindiko txartelak online eskaintzeko lehen urratsak ikertu dira, Transfermuga web gunearen etorkizuneko bilakaera gisa.

Bi faseetako proiektu-aurkezpena

Nahiz eta Euroeskualdeko ekintza nagusiak Ficobako ekitaldian ezagutarazi diren, Hendaiako gune intermodalaren inaugurazio-ekitaldia datorren ekainaren 27an izango da. Zinta-moztean Akitania-Berriko lehendakari Alain Rousset-ek eta Euskadiko lehendakari Inigo Urkulluk hartuko dute parte, baita gune intermodalaren ELGARREKIN egitasmoa kofinantzatu duten tokiko erakundeen ordezkariek ere. Modu horretan, Euskal Hirigune Elkargoko, Pirinio-Atlantiko departamentuko, Hendaiako udaletxeko eta Euskal Trenbide Sareko eta SNCF-ko agintariek parte hartuko dute.

Proiektua EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatu du, 2014-2020 aldirako Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugako integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Bere laguntza ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jarduera garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bidez.

 

Bazkideen arteko trukeak itxiera-egunean:

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?