Balleta, ingurumena eta eskola-hezkuntza uztartzen dituen mugaz gaindiko proiektua Malandain Ballet Biarritz, Cristina Enea fundazioa eta Iruñeako udalaren ingurumen hezkuntza sailak osatzen dute.
Iragan urriaren 19an, Planeta Dantzan izeneko lankidetza estrategikoaren hitzarmena sinatu zuten Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak eta mugaz gaindiko proiektua osatzen duten hiru kideek. Egitasmoa Euroeskualdearen 2014-2020 Plan Estrategikoaren lurralde jasangarri eta mugikortasunaren ardatzean kokatzen da.
Lankidetza honek duela bi urte hasi zen Itsaslaminak proiektuan du jatorria, non ballet dantza, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta hezkuntza uztartu ziren. Oraingo honetan gai tematiko eta metodologia berriez baliatuko dira proiektua gorpuztu eta eskolen komunitateei irisgarritasun nabarmenago bat bermatzeko.
Gauzak horrela, itsaslaminez harago, Malandain Ballet Biarritzek obra koreografiko berriak estreinatuko ditu, eta hezkuntza unitate partehartzaile eta berritzaile bat garatuko dute Cristina Enea fundazioak eta Iruñeako udaleko ingurumen-hezkuntza sailak. Hala, hezkuntza komunitatean ingurumenarekiko errespetua eta ekosistemen zaintza bultzatzea du helburu mugaz gaindiko lankidetzak, tailer partehartzaileak, erakusketak, eta ballet ikuskizunen bitartez, hori guztia mugaz gaindiko elkar trukaketa kulturalaren testuinguruan.
Itsaslaminek irekitako bidean ildaskatzen
2019-2020 ikasturtean zehar Euskadi, Nafarroa eta Akitania-Berriko 1.500 ikasle inguruk parte hartu zuten Sirènes-Itsaslaminak-Sirenas proiektuaren bilakaeran, dantza eta tailer didaktikoak ikastetxeetan garatuz. Era berean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian Martin Harriague koreografoak sortutako izen bereko obraz gozatu zuten ikasleek. Itsaslaminak–ek irekitako bideari jarraiki, Euroeskualdeak hautaturiko lankidetza estrategiko honek balletaren bidezko ingurumen–sentsibilizazioa du helburu, eta hiru lurraldeen arteko elkar-ezagutza kulturala ahalbidetuko du.