Gorde data: Euroeskualdeak tailer bat antolatzen du #euregionsweek-en

24.07.2023

Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak tailerra antolatuko du Eskualde eta Hirien Europako Astearen baitan, 2023ko urriaren 10ean, 16:30etan, Bruselan. 

Galicia Norte de Portugal Euroeskualdearen lankidetzarekin batera, bi erakundeok mugaz gaindiko ikaskuntzan dauden apustuei eta oztopoei buruzko tailerra sustatuko dute. Halaber, mugaren alde bateko eta besteko gaitasunen onarpena hartuko dute hizpide. 

Oztopo linguistikoak, ikasitako jakintza-arloko tituluen onarpena… oraindik katebegi ugari daude mugaz gaindiko lanbide heziketan. Lan-saio honen helburua galga horien guztien konponbide posibleak aletzea eta horien inguruan eztabaidatzea izango da.  

Horretarako, automobilgintza sektorean mugikortasun baliozkotua lortzeko garatu den metodologia -FORMA NAEN proiektuaren bitartez landutakoa- aurkeztuko da. Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak, halaber, zentzu horretan eman beharreko urratsak azalduko ditu, bai eta heziketa-erakundeen eta erakunde programatzaileen arteko lankidetza-hitzarmenak sortzeko beharrezko baldintzak xehetuko ere, aldameneko edo mugaz bestaldeko eskualdeetako batean eskuratutako gaitasunak aldebikotasunez aitortze aldera. 

Era berean, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak Interreg POCTEFA FORMA NAEN proiektuaren baitan abian jarritako ekintzak aurkeztuko ditu. Proiektuaren xede nagusia lanbide heziketa kualifikatuaren eskaintza garatzea izan da, mugaz gaindiko testuinguruari eta gazteei egokitutako lan aukera errealak proposatzeko gai zena.  

Aldi berean, Galicia Norte de Portugal Euroeskualdeak mugaz gaindiko ikasketa proiektu pilotu bat gauzatzeko urratsak ezagutaraziko ditu: identifikatutako oztopoak eta konponbideak aurkeztuko ditu, Portugalgo iparraldearen eta Galiziaren arteko mugaz gaindiko formazio dualaren aplikazioari erreparatuz. Lanbide heziketa dualak ikastetxeetako ikasleen formakuntza eta prestakuntza uztartzen ditu, enpresako lan-jarduera baten bidez. Eskari altuko heziketa da dualarena: arlo jakin batzuetan langile espezializatu nahikorik ez dagoenez, enplegagarritasun maila altuak ditu, bai tituludunentzat, bai enpresentzat.  Horrez gain, finantza-, administrazio- edo logistika-oztopoei aurre egiteko konponbideak xehetuko dira lan-saioan. Zehazki, ikasleak hartzen dituzten enpresentzako gizarte segurantzaren kostuei eta kredituei buruzko B-Solutions azterlanaren emaitzak nabarmenduko dira, bai eta bi estatuen lanbide heziketako tituluen homologazioa ere. 

Hizlariek esperientziok abian jartzeko arretaguneak eta botila-lepoak aztertuko dituzte eta, bestalde, mugaz gaindiko zerbitzuen aukeretan sakontzeko garrantzia azpimarratuko dute, baita eskudun diren agintaritzen aurrean irtenbideak bilatzearen beharra ere.  

Denbora-tarte bat partaideekin solastean jarduteko izango da, beste mugaz gaindiko neurri eta egitasmoak, lanbide heziketako tituluen aitorpenerantz eman beharreko urratsak eta mugaz gaindiko ikasketak, denak ere, hizpide hartze aldera. Horrela, honako galdera hau erantzun nahi da: Zein dira mugaz gaindiko garapenerako beharrizanak, oztopoak, aukerak eta ikuspegiak? Mugaz gaindiko gaiok hobeki ezagutzeko bide eman nahi die tailerrak parte-hartzaileei, gazteen ikasketa eta gaitasunen garapenarekin zerikusia duten erronkak eta aterabideak eztabaidagai hartuta.  

  

Informazio praktikoa:    

Noiz: 16:30etatik 17:30etara 

Non: Jacques Delors eraikina 

Belliard kalea 99/101,   

1040 Brusela   

 

Informazio gehiago eta izen-ematea: European Week of Regions and Cities (europa.eu) 

 

Eskualdeen eta Hirien Europako Astea Europar Batasunaren eskualde-politikari emana den urteko ekitaldia da, pertsonen eguneroko bizitza hobetzeko tokiko mailaren garrantzia azpimarratzen duena. 21. edizioa Gaitasunen Urte Europarraren baitan kokatzen da eta, hala, eskualde eta hirien gaitasunak balioetsi nahi ditu hazkunde ekonomikoa areagotu eta enplegua sortze aldera, Europar Batasunaren kohesio-politika gorpuztuz, bien bitartean. Aurten, #EURegionsWeek-ak bertatik bertarako jardunaldietan partaide gehiago izango ditu, Bruselan, urriaren 9tik 12ra.  

Horrela, bi euroeskualdeek ekimen bana azalduko dute, ikaskuntzari eta laneratzeari dagokienez. 

Informazio gehiagorako, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen FORMA NAEN proiektuaren txostena hemen kontsulta daiteke, baita Galicia Norte de Portugal Euroeskualdearen webgunea hemen ere.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?