Arola Urdangarin au FIPADOC

Euroeskualdeak mugaz gaindiko lankidetzari buruzko mahai-inguruan parte hartu du Miarritzen ospatu den 2020ko Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian (FIPADOC)

27.01.2020 Euroeskualdea

Euroeskualdea, Eusko Jaurlaritza eta Zineuskadi, Akitania Berriko zinema eta ikus-entzunezkoen Live Agentzia (ALCA), Nafarroako Gobernua eta Euskadiko Europa Creativa Desk Media erakundeak bildu ziren Biarritzeko Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren (FIPADOC) barruan antolaturiko “Mugaz gaindiko lankidetza: Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa” mahai-inguruan, ostegunean, urtarrilak 23. Eskualdeko bost eragileek lankidetza eta eskualdeko finantziazio aukerak aurkeztu zituzten ekitaldiko jardunaldi profesionaletan eta dokumentalgintzan diharduten profesionalekin gai hauek lantzeko aukera ere izan zuten.

Aurkezpenak

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapenerako Zuzendaria eta Zineuskadiko Presidentea den Aitziber Atorrasagastik zabaldu zuen mahai-ingurua, Euskadiko ikus-entzunezkoen egoerari buruzko hainbat informazio eskainiz: euskal sistemaren funtzionamendua eta zinema sustatzeko abian diren funtsak, esaterako. Bertako ekoizpenen hainbat adibide eman zituen, horien artean “Next Station”, euskarazko ikus-entzunezko proiektuentzako berrikuntza laborategia, Euroeskualdeak babesten duena.

Jarraian, Ana Herrera Isasi Nafarroako Gobernuko ikus-entzunezko proiektu estrategiko eta digitalen hautapenerako arduradunak Nafarroako ikus-entzunezkoen politiken, diru-laguntza zuzenen eta pizgarri fiskalen berri eman zuen. Eskualdeko elkarteak eta ekoizpen etxeak ere aipatu zituen eta, horrez gain, “Ama-das” dokumentalaren teaserra aurkeztu zen.

Noémi Benayoun ALCA kultur agentziako ikus entzunezkoen eta zinemaren sorkuntza, ekoizpen eta hedapenerako arduradunak Akitania Berriko ikus-entzunezkoen esparruan ematen diren diru-laguntzen eta eskualdeko filmaketetarako laguntza-bulegoen berri eman zuen.

Jarraian, Euroeskualdeko zuzendari den Arola Urdangarinek bertako mugaz gaindiko lankidetzak, 2014-2020 ekitaldirako plan estrategikoa eta urteroko proiektuen deialdiak aurkeztu zituen. Amaieran, erakundearekin harremanetan jartzeko gonbitea egin zien parte-hartzaileei, Euroeskualdeko proiektu bat garatzeko lankidetza posibleak aztertzeko.

Ainhoa González Sanchiz Euskadiko Creative Europe Desk Media elkarteko koordinatzaileak itxi zuen aurkezpenen zatia, sormenezko dokumentalak, onartutako proiektuak, banakako proiektuen garapena, merkatuaren eta networkingaren garrantzia, diru-laguntzak eta Europako Batzordeak biltzen dituen erakundeen ekintzak aurkeztuz.

Jaialdia

FIPADOC Miarritzen ospatzen da, urtarrilaren 21etik 26ra. Jaialdiak ikus-entzunezkoen eragina, berrikuntza, irudien hezkuntza eta gazteen sorkuntza indartzeko lan egiten du. 2020ko edizioarekin zabaldu du jaialdiak dokumentalen nazioarteko jaialdi handien urtea. Informazio gehiago hemen: https://www.fipadoc.com/.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?