Euroeskualdeak datozen zazpi urteetako estrategia diseinatu du

27.10.2021 Euroeskualdea

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak bere 2021-2027 PLAN ESTRATEGIKOA aurkeztu du gaur. Datozen urteetan lurraldeen arteko kohesioan sakontzen eta herritarren arteko harremanak sendotzen lagunduko duen anbizio handiko dokumentua da.

Hiru lurraldeetako gobernuburuen presentzian aurkeztu da Plan Estrategikoa: Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari eta Euroeskualdeko txandakako presidentea, Alain Rousset Akitania-Berria eskualdeko presidentea, eta María Chivite Nafarroako gobernuko presidentea. Ekitaldia Donostian izan da, eta bertara azaldu dira hiru egituretako hautetsiak eta mugaz gaindiko lankidetzara lotuak diren beste erakundeetako ordezkariak.

Plan Estrategiko berriaren gogoeta bururaino eramateko, ahalik eta Euroeskualdeko aktore gehien berekin ekartzera saiatu da Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea (LLET), herritarretatik hasi eta hiru lurraldeetako administrazioetako aktore gakoekin buka, LLETak babesturiko mugaz gaindiko lankidetza proiektuetako kideekin bat eginez, bidenabar. Egindako diagnostikotik abiatuz, datozen urteetako urraspideak identifikatu dira:

  • Euroeskualdea mugaz gaindiko lankidetza mailan egitura erreferente gisa finkatu behar da, hiru lurraldeak eta horietako aktore nagusiak tartean sartuko dituen egitasmoak erraztu eta bultzatuz.
  • Euroeskualdea mugaz gaindiko eta lurralde-mailako gizarte kohesionatu batean ardaztu behar da, etengabeko kultur-, ekonomi- eta giza-elkartrukearen bitartez.
  • 2014-2020 Plan Estrategikoaren lan-eremuetan jarraitzea zilegi da, Europar Batasuneko lehentasun berriak beregain hartuz, garapen ekonomiko, sozial, kultural, jasangarri eta demografikoaren alorretan batik bat.
  • Kalitatezko enplegu eta balio erantsiaren sorrera-tresna gisa berrikuntza eta teknologia berriak abiapuntu dituen Euroeskualdeko ekonomiaren alde egin beharko da.
  • COVID-19ak krisi-egoeren aurrean moldagarritasuna duen lurralde-ereduan oinarritzen den ikuspegia nabarmendu beharra azaleratu du.

LLETak bere lan-jarduera, antolaketa-kultura eta helburuak lortzeko modua xedatuko dituen baloreak ezarri ditu: elkarlana, dibertsitatea eta elkar-ezagutza, parte-hartzea, moldagarritasuna eta erresilientzia, eta genero-berdintasuna. Gainera, Euroeskualdeak europar lehentasunekin bat datozen zeharkako elementuetan oinarrituko da: berdintasuna, jasangarritasuna eta digitalizazioa.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?