Euroeskualdeak bere organo nagusiak berritu ditu Nafarroako Gobernu berria barnean sartzeko

04.11.2019 Euroeskualdea

Chivite Lehendakaria mugaz haraindiko erakundearen lehendakaria izango da datorren urtera bitarte

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak gaur goizean berritu ditu Iruñean organo errektoreak, Nafarroako Gobernuko kide berriak sartzearren. Hain zuzen ere, Foru Exekutiboaren arduradun gorena, Maria Chivite, mugaz haraindiko organoaren lehendakari izango da 2020ko ekainera bitarte.

Chivite Lehendakariaz gain, bileran izan dira Akitania Berriko lehendakaria, Alain Rousset, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria, Iñigo Urkullu.

Bertan, Batzarreko kideek Euroeskualdearen irudi grafiko berria eta web gune berritua ezagutu dituzte. Halaber, POCTEFA laguntzetan hautatuak izan diren hiru
proiekturen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte; 3,4 milioi euro jasoko dituzte FEDER (Europako Garapen Funtsak) funtsetatik.

Akitania Berriko presidentea, Alain Rousset; María Chivite presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria

Adierazpenak

Batzarraren ondoren, hiru lehendakariak komunikabideen aurrean agertu dira.

Chivite Lehendakariak Euroeskualdea bezalako erakundeen garrantzia azpimarratu du. “Eskualdeen arteko lankidetza funtsezkoa da oparotasun eta guztien ongia izateko”, nabarmendu du, eta are gehiago nazioartean zalantza den unean, Europako eskualdeek eta EB berak aldaketa eta erronka garrantzitsuak aurrean dituztela. “Lankidetza-loturak bilatu, aurkitu eta eraiki behar ditugu, erronka horiek irmotasunez jorratzeko indarra izan dezagun”, adierazi du.

María Chivite pozik agertu da Euroeskualdeak sustatutako eta POCTEFAk hautatutako hiru proiektuen ardatzak enplegua, berrikuntza eta mugikortasuna izateagatik, “alderdi horiek argi eta garbi landu behar baitira lankidetzaren eremutik, eskualde oparoak izaten lagunduko dute-eta”.

Azkenik, Lehendakariak Europako proiektua defendatu du “aukera eta hazkunde zuzen, iraunkor eta berdintasunezkoaren espazio gisa, baina baita eskualdeen eta herrialdeen arteko solidaritate-gune gisa”; hori indartzea beharrezkoa da. “Nazioarteko mehatxuen eta zalantzen aurrean, soilik Europa gehiago eta hobea egitea geratzen zaigu”, amaitu du.

Bestalde, Iñigo Urkullu Lehendakariak esan du Euroeskualdea “asmo handiko proiektua dela eta mugaz haraindiko eragozpenak gainditzeko eta gure herritarren bizi-baldintzak hobetzeko dugun interesaren inguruan batzen gaituela”.

Ildo horretan, nabarmendu nahi izan du 2014-20 Plan Estrategikoak garrantzia ematen diola instituzio publikoen, elkarteen eta erakunde pribatuen eta oro har gizarte zibilaren arteko lankidetzari, mugaz haraindiko proiektu horretan aurrera egiteko. Gainera, garrantzi berezia hartzen du “Brexit ondorengo etapan”, adierazi du.

Bestalde, Akitania Berriko presidenteak “arrakastaren” adibide gisa definitu du Euroeskualdea, eta Bruselan indarra izateko halako erakundeek duten garrantzia nabarmendu du. Haren arabera, mugaz gaindiko erakundeak “etorkizun bikaina” izan dezake, eta, horretarako, hainbat erronkari aurre egiteko beharra nabarmendu du, hala nola ezagutzaren eta teknologiaren transferentziari eta klima aldaketari.

Nafarroako ordezkari berriak

Zehazki, lehendakaritza izateaz gain, Nafarroak sei pertsona ditu erakundearen Batzarrean: Chivite Lehendakaria bera, Bernardo Ciriza (Lurralde Kohesioa), Manu Ayerdi (Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala), Ana Ollo (Herritarrekiko Harremanak), Juan Cruz Cigudosa (Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala) kontseilariak eta Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, Mikel Irujo.

Gainera, Mikel Irujo, eta Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi, Batzorde Exekutiboan eta Lizitazioen Batzordean egongo dira.

Bestalde, Akitania Berriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak ez dira aldatu.

Irudi berria

Halaber, gaurko bileran identitate grafiko berria aurkeztu dute; hain zuzen ere, elkartutako “E” batek osatzen du logotipoa, arkuen antzera, eta Euroeskualdearen izena hiru hizkuntzatan ageri da (gaztelera, euskara eta frantsesa). Dena tonu beltz eta berdearekin egin da. Logotipoaren bidez adierazi nahi da erakundeak zubiak eraikitzen dituela eta itun irekia eskaintzen diela eskualdea osatzen duten hiru lurraldetako herritarren arteko hurbiltasuna indartzen duten proiektu guztiei.

Horrez gain, web berria ezagutzera eman dute. Abenduan jarriko da abian, informaziotik elkarreragitera pasatzeko helburu nagusiarekin. Erreminta operatiboa eskaini nahi da, existitzen diren gailu guztietara sartzeko aukerarekin, herritarrentzat oro har nahiz proiektuen lider eta bazkideentzat. Bertan, Euroeskualdeak eskaintzen dituen baliabide ezberdinak aurkitu eta kudeatu ahal izango dira.

POCTEFA programan hiru proiektu hautatu dira

Azkenik, Batzarrean zehar, POCTEFA programan (Espania-Frantzia-Andorra mugako lurraldearen garapen iraunkorrerako lankidetzarako programa) hautatutako Euroeskualdeko hiru proiekturen berri eman dute. Ekimenen aurrekontua 5,6 milioi eurokoa da, eta 3,4 milioi euroko laguntzak jasoko dituzte Feder funtsetatik.

Tamaina ekonomiko handienekoa “Transfermuga-rrekin” da, mugaz haraindiko garraio-eskaintza hobetzeko dena, pertsonen joan-etorriak eta mugikortasuna errazte aldera. Horretarako, 3.757.203 euro izango ditu.

Bigarren proiektua “Compet+” da, 862.895 euroko aurrekontua duena. Horren helburua da enpresa txiki eta ertainen enpresa-lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzea, mugaz haraindiko fluxuak eta jarduerak identifikatuaz. Azkenik “Forma Naen” proiektuaren xedea da mugaz haraindiko enplegua gehitzea prestakuntza espezifikoa eskainita, eta horrek 746.875 euroko aurrekontua du.

100.000 Km2-ko eta 9 milioi biztanleko elkartea

Egungo AECT (Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartea), Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, 2017. urtean sortu zen, Nafarroa sartu ondoren. Urte bat lehenago, 2016an, Frantziako Limousin eta Poitou- Charentes eskualdeak sartu ziren Akitania Berriaren egituran. Hiru eskualdeen arteko lehen harremanak, aldiz, 1992koak dira.

2018. urteaz geroztik, Nafarroak betetzen du elkartearen lehendakaritza, eta postu horretan jarraituko du 2020ra arte. Orduan lekukoa Euskadik hartuko du.

Erakundeak 101.000 km2 karratuko hedadura du eta 8,7 milioi pertsonako biztanleria; hau da, Europako biztanleriaren %1,74 hartzen du. 2018ko datuen arabera, 3,95 milioi enplegatu ditu, 1,78 milioi ikasle, %10,5eko langabezia-tasa eta biztanle bakoitzeko 28.400 euroko BPGd, hots, EBeko batez besteko BPGd-a ia.

Euroeskualdea aukera-eremua da osatzen duten eskualdeentzat; izan ere, espezializazio adimentsuaren arloan bakoitzak dituen estrategietan, honako hauek bezalako lehentasunezko sektoreak partekatzen dituzte: osasuna, energia, nekazaritzako elikadura eta sormen-industriak nahiz turismoa, industria aurreratua edo 4.0 industria bezalako gaietan elkarrekin lan egiteko interesa eta enpresen lehiakortasuna, besteak beste.

Ezkerretik eskuinera Alain Rousset, Chivite lehendakaria eta Iñigo Urkullu.
Bileraren momentuetako bat.
Ezkerretik eskuinera Alain Rousset, María Chivite eta Iñigo Urkullu.
Euroeskualdeko kideen irudia, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan.

 

www.navarra.es – www.nafarroa.eus

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?