2023ko “Euroeskualdeko Hiritartasuna” proiektu-deialdiaren emaitzak

21.07.2023

Iragan uztailaren 20an, Euroeskualdearen batzorde eragileak 2023ko martxoan irekitako “Euroeskualdeko Hiritartasuna” proiektu-deialdiaren hautaketa onartu zuten. Hala, Euroeskualdeko gobernu-kideek lankidetza ardatz duen 20 proiektu onuradunen zerrenda onetsi zuten, kultura, hezkuntza, kirola, eleaniztasuna eta giza erronka garaikideen alorretan.

Proiektuok lurraldeko eragileei “hobeki elkar ezagutu, hobeki lankidetzan jarduteko” bide ematen diete, eta Euroeskualdeko laguntzak lankidetza berriak sortzeko oinarriak ezartzen ditu. Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako luze-zabalean diharduten 73 eragile izango dira diru-laguntzen onuradun, denera 500.000 euroren truke. Proiektuen hautaketa hemen da ikusgai.

 

ASKOTARIKO PROIEKTUAK

Hautatutako proiektuak lehentasun gaiaren arabera multzokatu dira, eta honako arlo hauek jorratzen dituzte bere baitan:

KULTURA: 6 proiektu

  • IKUSI MIKUSI: Proiektu honek gazte-literatur jaialdi baten antolakuntza du helburu; sektoreko profesionalak, eskola-komunitatea eta gizarte zibila bilduko ditu bi egunez, euskara hutsean, ikuskizun eta tailer ezberdinen inguruan. 2023. urterako, proiektuak 9 bidelagun asoziatu berri izango ditu, eta jardunaldi oso bat profesionalei zuzendua izango da.
  • PIRENAUES: Proiektu honek Zaldua eta Donazaharreko toki erromanikoetan burututako ikerketa arkeologikoei jarraikortasuna ematea du xede. Aldi berean, mugaz gaindiko ondarea modu inklusiboan eta lau hizkuntzetan balioetsi eta hedatua izango da (frantsesez, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez).
  • ZINEMA ZUBIAK: Euroeskualdeko lurraldearen zinema eta ikus-entzunezko sektorean diharduten eragileen arteko hartu-emanak sustatzea du helburu proiektu honek. Horrela, ikus-entzunezko proiektuen -bereziki, koprodukzioak- garapena indartzea da asmoa.
  • IKUSEZINAK: Proiektu honek IKUSEZINAKen lehen atala ekoiztea du helburu. Mikroorganismoen abenturak oinarri hartuta, sei eta hamar urte bitarteko haurrei zuzendutako kontzeptu eta prozesu zientifikoak modu ludikoan helaraztea du helburu telesailak. Lehen atala, halaber, ipuin ilustratu gisa egingo da.
  • SORCIERES: Proiektu honek sare sozialetarako podcast eta animazio-bideoen bilduma hiru hizkuntzetan sortzea du helburu, eta ARTE kateak emango duen “Le procès des sorcières du Labourd” (Lapurdiko sorginen epaiketa) dokumentalarekin bat egingo du.
  • TENEBROSO: Angela Duverger-Bobinen film dokumentala da, eta bere aitonaren historian oinarritzen da, “Tenebrosos” euskal espioien sarearen kide izandako eta Frantzian erbesteratutako gerlari nafar antifrankista.

HEZKUNTZA ETA GAZTERIA:  4 proiektu

  • EZA: Proiektu honek Euroeskualdeko gazteen mugikortasuna sustatzea du helburu, hezkuntza- eta zientzia-esparruen baitan. Parte-hartzaileek Euroeskualdeko lurralde banatan antolaturiko lau azoka zientifikoetan aurkeztuko dute euren lana.
  • UR BIZIAK: Proiektu honek ikasleen eta akuikultura sektoreko eragileen arteko harremanak indarberritzeko mugikortasunak antolatzea du xede. Halaber, sektorearen lehiakortasunerako tresna diren berrikuntza eta sustapena ahalbidetuko ditu.
  • ZUBIAK ERAIKIZ: Proiektu honek hiritartasun aktiboa, eleaniztasuna eta euskal kultura sustatzea du helburu, hiru ikastoletan garatutako jarduera ezberdinak antolatuz eta askotariko xede-taldeak ardatz hartuta (ikasleak mailaren arabera, gurasoak, irakasleak).
  • TRUKALDIA: Euskarazko ekintza ezberdinen inguruan, hiru lurraldeetako gazteak biltzea da proiektu honen muina (txangoa Nafarroa, Euskal Kultura Bizirik jaialdia, igerilekura irteera…).

ELEANIZTASUNA: 4 proiektu

  • HEHGAN II: Proiektu honek lankidetza-sarea eratzea du xede, zeinak lurraldeko euskarazko ortofonia profesionalen ezagutza konpartitzea ahalbidetuko baitu. Horrela, euskarazko hizkuntza-arazoen diagnosi-prozedurak eta existitzen diren baliabideak, HIGA kasu (2016tik garatua), hobetzea da helbururik behinena.
  • XARE: Proiektu honek Euroeskualdeko lurraldeko gazteak, teknologia berriak eta euskara elkartu asmo du, XARE jardunaldiaren baitan eta genero-berdintasunean ardaztutako errealitate birtualean murgilduta. Horrez gain, escape game (ihes-jolas) ibiltari eta eleanitza ahalbidetuko du proiektuak, sentsibilizazio eta bitartekotza linguistikoa xede.
  • ZUBIAK: Proiektuak helduentzako mugikortasun-trukaketak antolatuko ditu, Euroeskualdearen lurralde ezberdinetan eta Euroeskualdeko mintzairak ikastea helburu (frantsesa, gaztelania eta euskara).
  • BERTSO UDALEKUAK: Proiektu honek euskarazko mintzamena sustatzea du xede eta, horretarako, Euroeskualdeko lurraldean 9 eta 18 urte bitarteko 160 gazte bilduko dituzten lau udaleku antolatuko ditu. Udaleku bakoitzak bertsolaritza-ikuskizun bana taularatuko du.

KIROLA: 2 proiektu

  • BOB POUR TOUS: 2021ean diruz lagundutako Bionbi proiektuaren jarraipena da. Plataforma honek Bidasoako kirol-eskaintza guztia barne hartu nahi du. 2023rako proiektuaren bigarren fase honek zentzumen-, mugimendu-urritasun kognitibo eta fisikoak dituzten pertsonei plataforma irisgarriago egitea du helburu, aldi berean datu irekien filosofiarekin bat eginda.
  • EPAMAN: Proiektuaren funtsa artxibo- eta memoria-lana (kartografia, eta abar) da eta, helburuen artean, honakoak daude: euskal pilota ez-profesionalaren inguruko topaketak antolatzea eta komunikazio-tresnak sortzea, emakumeen kirol-praktikan azpimarra jarrita.

GIZA-ERRONKA GARAIKIDEAK: 4 proiektu

  • ASKHEZI II: Proiektuak euskarazko ahozko diktaketa-sistema garatzea du helburu, eragozpen-egoeran dauden haurrei dagokien hezkuntza-ibilbidea jarrai dezaten.
  • TANTAKA: Proiektu honek Euroeskualdeko ibai-eremuetako aisialdi-guneen inguruko sentsibilizazio-lana du helburu, bisitariengan eragiteko xedez eta garapen jasangarriaren eta tokiko ekonomiaren dibertsifikazioaren ikuspegia txertatuta.
  • FAMILIA HARRERA BERRITUZ: Familiaren babesa, harrera eta adopzioaren alorretan, proiektuak Euroeskualdeko hiru lurraldeetako zerbitzu publikoen arteko ezagutza eta prozedurak partekatzea du xede, hiru elkartruke profesional eta behaketa direla medio.
  • MUGALUR: Proiektu honek elkartruke-gunea sortzea du helburu, zeinetan Euroeskualdeko gizarte zibila eragitea bilatuko baita. Horrela, lurraldeko eragileen arteko elkar-ezagutza hobetu eta mugaz gaindiko lankidetzaren garapena sustatuko da.

 

Oroigarri gisa, “Euroeskualdeko Hiritartasuna” proiektu-deialdia 2015an sortutako baliabidea da, zeinak kulturan, hezkuntzan, gazterian eta eleaniztasun alorretan lankidetza-ekintzak diruz laguntzea xede baitu. Proiektu-kideek, halabeharrez, Akitania Berriko eskualdean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan izan behar dute euren egoitza. Aurten hautaturiko 20 proiektuak “Euroskualdeko Hiritartasuna” proiektu-deialdiaren sorreraz geroztik onarturiko 156 proiektuei gehitzen zaizkie.

 

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?