Euroeskualdeko lurraldeetan nola irakasten dira hizkuntzak? Euskara, frantsesa eta gaztelania elkarbizitzan daude, baina oso testuinguru soziolinguistiko, instituzional eta pedagogiko desberdinetan irakasten dira. Aniztasun horrek eragina du irakasle-taldeen prestakuntzan, ikasgelako praktiketan zein ebaluazio metodoetan.
Egoera horren aurrean, didaktika eleaniztunaren kultura partekatu baten garapena erronka nagusia da euroeskualde mailan hezkuntza-esparru koherenteago bat eraikitzeko.
Ikuspegi horretatik, Euroeskualdeak «Didaktika eleaniztunaren inguruko formakuntza-dispositibo ezberdinak» ikastaroa antolatzen du uztailaren 3an, Baionan, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen 5. edizioaren eta HEZHI europar proiektuaren baitan.
Testuinguru eleaniztunetan hizkuntzak irakasteak ekartzen dituen erronkei buruzko jardunaldia
Jardunaldi honetan, lehendik dauden prestakuntza dispositiboei buruz trukatzeko aukera izango dugu, bai eta lurraldeetan egin diren praktikak partekatzeko eta Euroeskualdeko hezkuntza-sistemetan eleaniztasunaren didaktika indartzeko moduei buruz hausnartzeko aukera ere.
Programa hiru mahai-ingurutan egituratzen da, eta gai nagusi batzuk jorratuko dira, hala nola: ahozkotasunaren didaktika eta bere dimentsio soziolinguistikoa; hizkuntzen didaktika integratua diziplina ez-linguistikoen bidez; edo testuinguru eleaniztunetako ebaluazio-praktikak. Jardunaldia amaitzeko, eleaniztasunaren didaktika indartzeko dispositibo praktikoei buruzko tailer bat egingo da, ikasgelatik hasi eta prestakuntza-estrategietaraino.
Europako zenbait lurraldetatik etorritako erreferentziazko hizlariak
Irakasle, hezitzaile eta ikertzaileek beren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte, hezkuntza eleaniztunaren erronkei buruzko gogoeta komun bat elikatzeko.
Hori dela eta, ikastaroan Suitzako bi adituk parte hartuko dute: Roxane Gagnon (Vaud kantonamenduko Goi Eskola Pedagogikoa) eta Verónica Sánchez Abchi (Neuchâteleko Ikerketa eta Dokumentazio Pedagogikoko Institutua).
Haiekin batera, honako hauek ere izango dira: Yolanda Olasagarre, Nafarroako Gobernuko Euskara Irakasteko Baliabide Zentroko kidea ; Leire Díaz de Gereñu, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ELEBILAB laborategiko ikertzailea ; Agurtzane Azpeitia, Mondragon Unibertsitateko eta Soziolinguistika Klusterreko kidea ; Maialen Egileor, Seaska sareko ordezkaria ; eta Gabrielle Saint-Jean, Baionako Villa Pia Lizeoko ikertzaile eta irakaslea.
HEZHI proiektuaren baitako ekimena
Prestakuntza hau Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeak koordinatzen duen eta Europar Batasunak kofinantzatzen duen HEZHI – Hezkuntza eta Hizkuntza proiektuaren barnean kokatzen da. Proiektu hori Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programako AFOMEF POCTEFA proiektuen deialdiaren bidez gauzatzen ari da. Prestakuntza-ekintzen bidez, sarean jarriz eta jardunbide egokiak partekatuz, HEZHIk helburu hauek ditu: hezkuntzan eleaniztasuna sustatzea, hiru lurraldeetako hezkuntza-komunitateen arteko loturak sendotzea eta Euroeskualde mailan benetako hezkuntza-lankidetzaren kultura sortzen laguntzea.
📍 Aurkitu programa osoa HEMEN
Kontsultatu Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen 2026ko programazioa hemen: Jarduera bilatzailea | UIK


