Estadiotik mugaz gaindiko enplegura: kirolak mugaren bi aldeetan kontrataziorako bidea irekitzen duenean

24.09.2026

Hamar enpresa, Akitania-Berritik, Euskaditik eta Nafarroatik etorritako 60 enplegu-eskatzaile baino gehiago, kirol-jardueraz betetako goiz bat eta job dating saio bat arratsaldean: France Travail erakundeak lehen aldiz eraman du mugaz gaindiko eremu batera Estadiotik enplegura programa, Euroeskualdearekin elkarlanean, AFOMEF POCTEFA LANEAN proiektuaren barruan.

Beste modu batera kontratatzea, kirol-zelaian bulegoan baino

«Beste modu batera kontratatzea da, benetan, ekimenaren muina», laburbildu du Gwénola Trivièrek, Donibane Lohizuneko France Travail agentziaren zuzendariak. Printzipioa honako hau da: ohiko elkarrizketa eta curriculuma alde batera utzita, enplegu bila dabiltzan pertsonek, orientatzaileek eta kontratatzaileek talde mistoak osatzen dituzte, anonimotasuna gordeta, eta elkarrekin egiten dituzte gehien eskatzen diren gaitasun profesionalak eta pertsonalak azaleratzeko prestatutako kirol-tailerrak: talde-lana, entzuteko gaitasuna, zorroztasuna, elkartasuna eta nork bere burua gainditzeko gaitasuna.

«Kontratatzailearen eta hautagaiaren arteko lehen harremana usaian estresa eragin dezakeen eta naturaltasunez jokatzea zailago izaten den egoeratik kanpo sortzen da”- azaldu du.

Ez zen lehiaketa bat. Arratsaldearen hasieran anonimotasuna amaitu ondoren, ohikoagoa den job dating saio batekin bukatu zen jardunaldia: ordurako izotza hautsita zegoen, eta elkarrizketek naturaltasunez jarraitu ahal izan zuten.

LANEAN, edo benetako mugaz gaindiko lan-merkatu bat nola eraiki

Ekitaldia AFOMEF POCTEFA LANEAN Europako proiektuaren barruan antolatu da. Proiektuan parte hartzen dute France Travail, Cap Emploi, Mission Locale Pays Basque, Lanbide, Servicio Navarro de Empleo-Nafar Lansare, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euroeskualdea; azken horrek gidatzen du proiektua. «Lanean» hitzak proiektuaren asmoa laburbiltzen du: hiru lurraldek partekatzen duten bizi-eremu honetan mugaz gaindiko enplegua sustatzea.

«Helburua da mugaz gaindiko langileek beren ibilbide profesionalean aurki ditzaketen eta mugaren bi aldeen arteko mugikortasuna oztopatzen duten eragozpenak ezabatzea», azaldu du Victoire Banconsek, Euroeskualdeko AFOMEF LANEAN proiektuaren kudeatzailea. Praktikan, besteak beste, mugaren bi aldeetako gizarte-segurantzaren, fiskalitatearen eta lan-zuzenbidearen arloko eskubideei buruzko aholkularitza eskaintzen zaie langileei.

Horixe da, hain zuzen ere, Euroeskualdeak egunerokoan betetzen duen eginkizuna: Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako administrazioak harremanetan jartzea eta hiru lurraldeen arteko oztopo administratiboak murriztea. Hurbileko benetako zerbitzu publikoa da, mugaz gaindiko eremuko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko sortua; jardunaldi hau horren adibide zehatza da.

Hizkuntzak eta lurraldeak uztartu dituen jardunaldia

Josune Ausinek, Lanbideren Irungo bulegoko arduradunak, lankidetza-dinamika horren berri eman du: «LANEAN proiektuaren barruan, gero eta gehiago ikasten ari gara elkarrekin eta lankidetzan lan egiten. Horregatik hartu dugu parte gaur ekimen eder honetan». Lanbide Gipuzkoako enplegu-eskatzaileekin bertaratu da jardunaldira.

Enpresen aldetik ere, formularekiko interesa agerian geratu da kirol-zelaian. Etxeko autonomia-laguntza eskaintzen duen enpresa batek profil elebidunak identifikatzeko baliatu du jardunaldia; profil horiek bereziki baliotsuak dira Hendaia inguruko euskal hiztunak edo gaztelaniazko hiztunak artatzeko. «Inork ez dakienez nor den kontratatzailea, harremanak benetan espontaneoak eta taburik gabekoak dira», azaldu du bertan izan den kontratazio-arduradunak. Halaber, horrelako ekitaldiek batzuetan ezezagunak diren lanbideei ikusgaitasuna ematen dietela nabarmendu du.

Enplegu-eskatzaileen artean, Normak formatuaren hurbiltasuna eta giro ona azpimarratu ditu: «Nire ustez, horixe falta da gehien, oro har, enpresa guztietan: lanetik kanpo ere, giro ona ezinbestekoa da elkar hobeto ulertzeko». Harentzat, mugatik hain gertu antolatutako ekitaldi batek balio berezia du: «Mugan bizi gara, eta hau kultura-, lanbide- eta familia-trukea da. Etorkizunari begira, guztiok ahalik eta modurik onenean lankidetzan jarduteko aukera izan beharko genukeela uste dut».

Jarraipena izango duen dinamika

Estadiotik enplegura programaren mugaz gaindiko lehen edizio honek argi erakusten du LANEAN proiektuak abian jarri zenetik zer eraiki nahi duen: mugaz gaindiko lan-merkatu arin eta eraginkorra, Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako langileek eta enpresek elkar ezagutu eta administrazio-mugetatik haragoko laguntza jaso ahal izan dezaten.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?