Jarraian zehazten dira Gabonetan hiru lurraldeetan eta mugaz gaindiko eremuan indarrean sartuko diren osasun neurriak.
MUGA
Muga zabalik dago.
EUSKADI
Mugikortasuna
Salbuespen bat aplikatuko da abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, mugikortasun-mugaren hasiera-ordua goizaldeko 00:30etara atzeratuz. Gainontzeko datetan etxeratze-agindua 22:00etatik 06:00etara indarrean egongo da.
Lurralde Historikotik atera eta sartzeko murrizketa abenduaren 22ra arte mantenduko da. Muga hori kendu egiten da Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko joan-etorrietarako, eta soilik abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era, erantzunkizunpeko adierazpenean mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak betez gero.
Akitania-Berriarekiko muga zabalik egongo da.
Bilerak
Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldeen arteko Kontseiluan adostutako salbuespena aplikatuko da, abenduaren 24, 25 eta 31ko eta urtarrilaren 1eko ospakizunetan 6 pertsona bildu ahal izateko.
Bilera horietan gehienez bi bizikidetza-unitate biltzea gomendatzen da, eta pertsona horiek ospakizunetan zehar berdinak izatea.
Jai eta Gabonetako ekitaldiak
Abenduaren 21etik aurrera, aglomerazioak dakartzaten ekitaldien etenaldia aplikatuko da. Ekitaldi hauek, adibidez, honako hauek dira: Gabon gaueko edo Errege bezperako kantu-taldeak; kanpaikadak direla-eta kalean egiten diren jaiak; Santo Tomas jaiak; San Silvestre motako kirol-probak; edo kabalgatak edo mugimenduan dauden beste ekitaldi batzuk.
Adinekoen egoitzetara bisitak
Gabonetako jaietan adinekoen egoitzetara bisitak egiteko berariazko araudia ezarriko da.
NAFARROA
Mugikortasuna
2020ko abenduaren 24tik 25era eta 2021eko abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, 23:00etatik 01:30era bitartean zirkulatu ahal izango da, etxetik kanpo afari bat egin ondoren etxera itzultzeko. Gainontzeko datetan etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara indarrean egongo da.
Konfinamendu perimetrala mantentzen da. Hala ere, 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2021eko abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean, joan-etorriak egiten dituztenen senideak edo gertukoak bisitatzeko sarrera eta irteera joan-etorriak baimenduta daude, betiere bilerak egiteko ezarritako mugak betetzen badira. Autonomia Erkidegotik irtetzekotan, beharrezkoa izango da erantzunkizunpeko adierazpena beteta eramatea.
Akitania-Berriarekiko muga zabalik egongo da.
Bilerak
2020ko abenduaren 24, 25 eta 31ko eta 2021eko urtarrilaren 1eko Eguberrietako bazkari eta afariak egiteko senideekin edo hurbilekoekin egiten diren bilerak gehienez hamar pertsonakoak izango dira, haurrak barne, eta bi bizikidetza-unitate gehienez.
Hamar pertsonako gehieneko mugatik kanpo geratzen dira bizikidetza-unitate bat osatzen duten talde handiak. Hala ere, kontaktuen kopurua mugatzea gomendatzen da.
Abenduaren 24an eta 25ean eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean baino ezin izango dira hamar pertsona eta gehienez bi bizikidetza-unitate izan. Data horietatik kanpo (Errege eguna, adibidez), erabilera pribatuko guneetan gehienez ere bi bizikidetza-unitatetako sei pertsona bildu ahal izango dira.
Jai eta Gabonetako ekitaldiak
Pertsonen osasuna babesteko eta birusaren transmisioa prebenitzeko, ez dira baimenduko olentzeroak, erregeen kabalgatak, desfileak, kalejirak, urte amaierako kirol probak eta kaleko ospakizunak, jendea bertan dela eta jendetza pilatzeko arriskua dagoela.
Nolanahi ere, aire zabaleko Gabonetako azoka txikiak, jaiotza-erakusketak eta formatu ez tradizionalean egindako Gabonetako ospakizunak berariaz baimendu beharko ditu tokiko osasun-agintaritzak, Nafarroako Osasun Publiko eta laboraleko Institutuak ezartzen dituen jarraibideen esparruan.
Adinekoen egoitzetara bisitak
Indarrean jarraitzen dute Gizarte Eskubideen sailburuaren 410/2020 Foru Aginduaren bidez bisitak jasotzeko azaroaren 23an hartutako neurriek. Bisiten denbora eta maiztasuna handitu daitezke, egoitza-zentroaren antolamendu-ahalmenaren arabera.
Aldi berean bi pertsona laguntzera joan ahal izango dira, baldin eta bizikidetza-unitate berekoak badira.
Egoiliarren irteerei dagokienez, baimena arrisku-mailaren arabera arautzen du.
AKITANIA-BERRIA
Mugikortasuna
Salbuespen gisa, etxeratze-agindua ez da indarrean egongo abenduaren 24ko gauean, baina ezingo da bide publikoan bilerarik egin. Aldiz, gabonetako gainontzeko egunetan, abenduaren 31 barne, 20:00etatik 06:00etara aplikatuko da etxeratze-agindua.
Euskadirekiko eta Nafarroarekiko muga zabalik egongo da.
Bilerak
Data horietan, nahitaezkoa izango da mahaian gehienez 6 heldu egotea, bilera handiegiak ez egitea eta barrera-neurriak eta maskaren erabilera zorrotz errespetatzea.
Adinekoen egoitzetara bisitak
Adinekoen egoitzetara egiten diren bisitak baimenduta daude. Osasun Autoritateen arabera, garrantzitsua da egokitutako egoitzarekin hitzordua hartzea eta tokiari buruzko bisita-baldintzei buruz aldez aurretik informatzea.