Euroeskualdeak zibersegurtasunaren aldeko lehen lanak hasi ditu

05.07.2022
  • LLET Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdeko hiru gobernuetako ordezkariek zibersegurtasunaren aldeko protokolo komun bat sinatzea adostu dute.
  • Protokoloak helburu nagusi hauek izango ditu: lankidetza indartzea eta zibersegurtasuneko egungo erronkei aurre egiteko irtenbideak eta lanerako bide komunak aurkitzea.

Biarritzen, 2022ko uztailaren 5ean.

Miarritzeko Le Connecteur eraikinean gaur bertan egin den ekitaldi publiko batean, Mathieu Hazouard Akitania Berriko Eskualdeko kontseilariak, Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko kontseilariak eta Juan-Cruz Cigudosa Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak zibersegurtasunaren aldeko akordio bateratua sinatzea erabaki dute.

Azken bi hamarraldietan izugarri handitu da informazioaren eta komunikazioaren sistemen eta teknologien erabilera eta mendekotasuna. Eraldaketa digitalak birdefinitu egin ditu gure gizarte, ekonomia eta enpresa ereduak. Bilakaera horrek eremu publikoko segurtasunari buruzko hausnarketa egitea eta azpiegitura teknologikoen babesean oinarritutako erresilientzia hobetzea eskatzen du, informazio-sistemak, sareak, telekomunikazioak eta pertsonen intimitatearen eta eskubide digitalen babesa azken horien artean. Beren izaeragatik beragatik, zibersegurtasuneko intzidentziak ezin dira aurreikusi, eta azkar eragiten diete eremu geografiko zabalei. Gertakari hauek aldi berean gertatu zein leku askotara zabaldu daitezke berehala, sareen eta informazio-sistemen interkonexioaren ondorioz. Erronka berri horien jakitun, protokoloaren sinatzaileek errealitate berri horren aurrean erantzun koordinatua emateko beharrizana eta hurbileko lankidetzak esparru horretan duen balio erantsia azpimarratu dituzte.

Horrela, lehen aldiz, Euroeskualdeko hiru gobernuek estrategia komun bat diseinatzea eta bereganatzea, alerta-sistemak ezartzea eta jardunbide egokien trukea bermatzeko lantalde bateratu bat sortzea adostu dute.

Protokolo honek 2021-2027 aldirako Euroeskualdeko Plan Estrategikoan identifikatutako beharrizan bati erantzuten dio. Oroigarri gisa, lan-ildo espezifiko bat txertatu da, “Arlo digitala lurraldean sustatzea” (2.3.1 lan-ildoa) izenpean, lurralde bakar baten eragin-esparrua gainditzen duen gai horri heltzeko.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?