Euroeskualdeak zazpi berrikuntza-proiektu finantzatuko ditu 400.040 euroren bidez

17.12.2024 Proiektuak
  • Edizio honetan, ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdiak 400.040 € banatuko ditu zazpi proiekturen artean.
  • Deialdiak 22 hautagaitza jaso zituen honako arlo hauetan: osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritzako elikagaien industria, energia berriztagarriak eta sormen- eta kultur industriak.
  • ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdiak Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroako erakunde eta enpresen arteko lankidetzan oinarritutako proiektu berritzaileak sustatu eta babestu nahi ditu.

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko Batzorde betearazleak 2024ko ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ izeneko proiektu-deialdia ebatzi du. Hala, 400.000 euro baino gehiagorekin finantzatuko ditu mugaz gaindiko zazpi lankidetza-proiektu, Euroeskualdeak ezarritako sektore estrategikoetan. Proiektuen hautaketa osasunaren, fabrikazio aurreratuaren, nekazaritzako elikagaien industriaren, energia berriztagarrien eta sormen- eta kultur industrien arloetan jasotako 22 proiektu-hautagaietatik abiatuta gauzatu da.

Osasun arloan, Nafarroako Unibertsitateak burututako KARDIO3D hautatu da, eta proiektuaren helburua GMP-ekin (Fabrikaziorako Jardunbide Egokiak) bateragarria den gizakion bihotzeko ehun tridimentsionala garatzea da, miokardioko infartuaren aurrean konponbide berritzailea eskaintzeko, mundu mailan heriotzaren kausa nagusia baita. 3D bioinprimaketa eta birprogramazio zelularra bezalako teknologia aurreratuak erabiliz, infartu baten ostean bihotzak daukan birsorkuntza‑gaitasun murriztua konpentsatuko duen produktu terapeutiko aitzindaria sortzeko bideragarritasuna ebaluatuko da.

Fabrikazio aurreratu alorrean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak burututako MMAM proiektuak fabrikazio gehigarria (AM) teknika tradizionalekin bateratu nahi du, arinagoak, zehatzagoak eta jasangarriagoak diren tresna-ontzi pertsonalizatuak garatzeko. Material anitzeko AM teknologia aurreratuen bitartez, diseinuak optimizatu eta errendimendu dinamikoa eta tresnen iraunkortasuna hobetzen dituzten hozte‑sistema berritzaileak txertatzen dira. Ekimen horrek jasangarritasuna ere sustatzen du, hondakinak eta ekoizpen‑denborak murriztuz. Ikuspegiak automobilgintza eta aeronautika bezalako sektore gakoetan aplikatzeko potentzial handia daukate.

Nekazaritzako elikagaien industriari dagokionez, lau proiektu hautatu dira.

RetPIM2 proiektuak l’AOP Piment d’Espelette sindikatua du buruzagi, eta RetPIM proiektuan abiarazitako Euroeskualdeko piper ekoizleen mugaz gaindiko lankidetza indartzea du helburu, laborantzen osasuna, trazabilitatea eta merkatuko desberdintzapena bezalako erronka gakoei eutsiz. Gainera, kalitatezko markekin babestutako produktuen lehiakortasuna hobetzea, kontsumitzaileak sentsibilizatzea eta sektorean jasangarritasuna sustatzea bilatuko da.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak burututako MALUS BAT proiektuak mugaz gaindiko Jatorri‑izen babestua (DOP) ezartzea eta finkatzea du helburu, Euroeskualdeko sagar autoktonoekin egindako sagardoarentzat. Sagardo ekoizle eta egileen sektoreak indartzean datza haien ikuspuntua, babestutako hiru produktuen kudeaketaren bitartez: Euskal Sagardoa, Euskal Sagardoa Gazi-gozoa eta Euskal Sagardo Aparduna. Proiektuak kudeaketa‑organoen sorkuntza, hurrengo bost urteetarako plan estrategiko baten garapena eta mugaz gaindiko lan‑taldeen finkapena hartzen ditu barne.

ERBEL‑ek burututako ERLE‑TEK proiektuak bertako erle beltza babestu eta indartzea du xede, aukeraketa genetikoko teknika aurreratuak eta zehaztasun handiko jarraipena integratuz. Sentsoreen eta bideozaintzaren bidez, denbora errealean kontrolatuko da erlamandoen ekoizpena eta erlauntzen osasuna, erleen kalitate genetikoa optimizatuz. Horrela gaixotasunen eta aldaketa klimatikoaren aurkako erresistentzia hobetu nahi da, laborantza gakoen polinizazio eraginkorra bermatuz eta nekazaritzan galerak murriztuz, Euroeskualdeko erlezaintzaren jasangarritasuna epe luzean bermatuz.

Azkenik, INTIA‑k burututako ABENA proiektua daukagu, zeinak Betizu behiaren babesa duen helburu nagusi, Euroeskualdean mugaz gaindiko sarea sortuz. Ekimen honek ezagutza eta esperientziaren partekatzea sustatzea bilatzen du, diagnostiko bat eta arraza autoktonoa ingurugiro naturalean babesteko eta lurralde‑kudeaketa eta jasangarritasuna bermatzeko plan estrategikoa ebatziz. Lankidetzan oinarrituz, proiektuak Betizu behien babesarekiko ahaleginak egin nahi ditu, trantsizio agroekologikoan berrikuntza sustatu bitartean.

Energia berriztagarrien arloari dagokionez, hautatutako ekimena Nafarroako Unibertsitate Publikoak burututako BIOHEAT proiektua izan da. Zuntz polimeriko nano/mikrometrikoetan electrospinning erabiliz fase‑aldaketa (PCM) daukaten materialen kapsulazioaren bitartez energia termikoa biltegiratzeko material aurreratuen garapenean datza proiektua. Horretarako, jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak erabiliko dira, hala nola euli larben argizaria, behi‑gantza eta kalamu olioa, baita ganaduen krotaletatik eratorritako plastikozko hondakinak ere. Ikuspuntu honekin hondakinak murriztu, energia berriztagarriak erabili eta kudeaketa termikorako konponbide berritzaileak sortu nahi dira, zuntz, osasun eta automobilgintza bezalako industrietan erabiltzeko.

‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdia

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak antolatutako ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdiak lurraldearen garapen lehiakorra eta erresilientea bultzatzea du helburu, iraultza digitalaren testuinguruan, iraunkortasunerako espezializazio adimendunaren, ezagutza- eta berrikuntza-sorreraren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuaren bitartez. 2015ean sortu zen proiektu-deialdia, eta Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroako erakunde eta enpresen arteko proiektu egituratzaileak garatzea ahalbidetu du. Hasieraz geroztik, ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdiak 58 proiektu diruz lagundu ditu, orotara 3,3 milioi euroren bidez.

Proiektu-deialdiak aintzat hartzen dituen sektore estrategikoak honako hauek dira: fabrikazio aurreratua, aeronautika eta mugikortasun elektrikoa; biozientziak, osasuna eta silver ekonomia; nekazaritzako elikagaien industria eta elikadura osasungarria; energia berriztagarriak; habitat jasangarria, basoa eta zura; eta sormen- eta kultur industriak, ikus-entzunezko industriarekin batera.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?