Euroeskualdeak urteko Batzarra ospatu du beren sorreraren hamargarren urteurrenean

16.03.2021 Euroeskualdea

 

  • Bileran 2020ko balantzea eta aurrekontu-orientabideak aurkeztu dira, eta pandemiaren ondorioak aztertu dira; gainera, 2021-2027 Euroeskualdeko Plan Estrategikoa ere landu da. 
  • Pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, Euroeskualdeko jardueren 2020ko balantzea positiboa izan da 

AkitaniaBerria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak 2021ean egin duen urteko lehen biltzarra ospatu du gaur arratsaldean, bere sorreraren hamargarren urteurrenean, hain zuzen. Iñigo Urkullu Euroeskualdeko eta Euskadiko lehendakaria, Maria Chivite Nafarroako presidentea eta Alain Rousset Akitania Berriko lehendakaria izan dira biltzarrean, bakoitza bere ordezkaritzaren buru dela. Batzarra telematikoki egin da, Gasteiz, Iruñea, Bordele eta Hendaiaren arteko konexioekin.  

Euroeskualdearen hamargarren urteurrenaren harira, hamarkada honetan Euroeskualdeak osaera- eta egitura-aldaketera egokitzen jakin duela azpimarratu du lehendakariak eta, gaur egun, erakunde finkatua dela, lehen eguneko misio, balore eta anbizioei eusten diena. Urteko proiektu-deialdien bitartez 140 proiektu, 10 lankidetza estrategiko eta 7 europar proiektu bultzatu dira. “Hamar urte hauetan Euroeskualdeak tamaina eta eragiteko gaitasuna irabazi ditu. Gure proiektuaren erakundetzean aurrera egin dugu, sendotasuna irabazi dugu. Aurrera begira, Estatuekin eta Europar Batasunarekin dugun hartu emana hobetzen jarraitu nahi dugu”, adierazi du lehendakariak.  

Egungo pandemiaren testuinguruan, Euroeskualdeko Lehendakariak esperientzia honetatik ekarritako lezioetako bat nabarmendu du: elkarlanean jarduteko beharra. “Hori da Euroeskualdearen izpiritua hamargarren urteurrenean”, gaineratu du Lehendakariak.  

Horrez gain, Batzarreko kideek COVID-19ak eragindako hildakoak omendu dituzte beste behin, baita horien senitartekoak ere: baita pandemia honetan oinarrizko zerbitzuetan herritarren osasuna, segurtasuna eta ongizatea bermatzen diharduten profesionalak ere. Hala, omenaldi onena zorroztasuna eta ardura indibidual eta kolektiboa mantentzea liratekeela erantsi dute, egoera hau behin betiko gainditzeko. “Urte luze batez ahalegin handia egin dugu, mantendu egin behar dugu eta prebentzio eta autobabeserako neurriak betetzen jarraitu. Ezin dugu atzera bueltatu”, adierazi dute.  

Batzarra 

Bilera hasi aurretik, Euroeskualdeko instantzia batzuk berritu dira, besteak beste, Euskadik Batzarrean dituen ordezkaritza-karguak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko uztailaren 12an egin ondoren Eusko Jaurlaritza berria eratzearen ondorioz, baita Nafarroako Gobernuko zenbait ordezkaritza kargu ere 

Batzarrean, 2020ko jardueren balantzea egin da eta aurtengo aurrekontu-orientabideak aztertu dira. Gainera, topaketan pandemiak (bereziki, mugaren itxiera) mugaz gaindiko herritarrengan dituen ondorioak aztertu dira, eta 2021-2027 Euroeskualdearen Plan Estrategikoa berritzeari ekin zaio.  

2020ko jardueren balantzeari dagokionez, agerikoa da koronabirusaren pandemiak Euroeskualdearen bizitza baldintzatu duela. Bereziki larria izan da muga ixtearen eragina, batez ere mugaren alde bien artean bizi diren herritarrentzat, mugaren bi aldeetan lan egiten duten enpresentzat eta mugaz gaindiko lankidetza-proiektuan parte hartzen duten bazkideentzat. Ondorioak agerikoak izan dira, familia-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-harremanak geldiarazita geratu dira. Hala islatu da Euroeskualdeak berak, mugaz gaindiko herritarren eta mugaz gaindiko proiektuetako bazkideen artean 2020ko ekainean egindako inkestetan. 

Lehendakariak, Euroeskualdeko presidente gisa (2020ko martxotik), Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariei zuzendu zaie, 2020ko ekainean eta duela bi hilabete eskas. 

Pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, Euroeskualdeko jardueren 2020ko balantzea positiboa izan da. 

2020an, bi deialdi egin dira, 900.000 euroko aurrekontu orokorrarekin. Horiei esker, 19 proiektu jarri dira abian kultura, gazteen mugikortasuna, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna eta kirola arloetan, bai eta 7 proiektu ere aeronautika eta fabrikazio aurreratuan, biozientzia/osasunean, nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industrian eta itsasoko eta itsasertzeko baliabideetan. Gainera, 7 lankidetza estrategiko garatu eta berritu dira eta beste lankidetza bat sinatu da. 

Azkenik, nabarmentzekoa da Euroeskualdearen barruan 2021-2017 aldirako Euroeskualdearen Plan Estrategiko berri batez hornitzeko hasitako prozesua. Plan horren helburu nagusiak, besteak beste, jasangarritasuna, digitalizazioa, gizarte-kohesioa eta enplegua izango dira, Europar Batasunaren politikekin bat etorriz eta susperraldi ekonomikoa ardatz hartuta. Iaz, plan hori eguneratzeko lanak hasi ziren, eta uda baino lehen onartzea eta aurkeztea da helburua. 

 

Euroeskualdea 

1992an, Nafarroak, Akitaniak eta Euskadik lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, bakoitzak bere eskumenen esparruan harreman instituzionalak garatzeko, interes komunak lortzeko helburuarekin. Hala ere, 2000. urtetik aurrera Nafarroak lankidetza horrekin jarraitu zuen aldebiko hitzarmenen bidez. Bitartean, Euskadik eta Akitaniak, hasierako protokolo horretatik abiatuta, aurrera egin zuten Erkidegoko zuzenbideak araututako beste lankidetza-egitura baterantz. Egitura horrek nortasun juridikoa du, eta bere kideen artean, mugaz gaindiko lankidetzaz gain, eskualdeen arteko eta nazioz gaindiko lankidetza sustatzea du helburu. Horretarako, 2011n, Lurralde Lankidetzarako Europako Taldea (LLET) sortu zuten, “Akitania/Euskadi euroeskualdea” izenekoa. 2016an Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak integratu eta Nafarroa sartu ondoren, 2017ko martxoan gauzatu zena, eta erakundeak AkitaniaBerria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea izena hartu zuen. 

 

Gure ekintzen txostena hemen eskuragarri da.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?