Euroeskualdeak Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeen Plataformaren urteroko bilkuran parte hartu du

05.10.2021 Euroeskualdea

Irailaren 30a eta urriaren lehena bitarte Europako Eskualdeen Batzordeak Innsbruck-en (Tirol) antolatu duen urteroko bileran Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen ordezkaritza bat bertaratu da. Hamaikagarren aldia da Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeen (LLET) plataforma biltzen dena eta aurtengo harrera-egitura Tirol, Alto Adige, Trentino Euroeskualdea izan da, Tirol eskualdearen lehendakaritza dela bide.

Europar batasuneko mugaz eta nazioz gaindiko lankidetzaren egungo garapenak izan ditu aztergai kongresuak, batez ere COVID-19aren pandemiak mugaz gaindiko lankidetzari zuzenean eragindako albo-kalteen harira. Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendari Arola Urdangarinek izurritearen bi sasoietan mugaz gaindiko harreman sozial, kultural eta ekonomikoak zeharo kaltetuak izan direla azpimarratu du bere hitzartzean.

2021ko uztailean Europako Eskualdeen Komiteak adostu zuen “Mugaz gaindiko lankidetzaren etorkizuna” erregelamendutik abiatuta heldu zioten erakunde ezberdinetako ordezkariek etorkizuneko erronkak aletzeari. Hasiera-ekitaldia Europako Eskualdeen Batzordeko Apostolos Tzitzikostas presidenteak ireki zuen, Tirol Alto Adige eta Trentino Euroeskualdeko ordezkari gorenekin batera.

Ostiraleko jardunaldian, besteak beste, Europar Batzordeko DG REGIO zuzendaritza nagusiko Pascal Boijmansek Interreg 2021-2027 belaunaldiko programaren xehetasunak aurkeztu zituen; LLET berrien izendapena eta ongietorria gauzatu zen; Euregio Connect LLETaren sorrera-hitzarmena sinatu zen; eta Europar Batasunean LLETen arteko jardunbide egokienak aurkeztu ziren, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak COVID-19aren krisialdiari aurre egiteko jarduera-multzoa aitzinarazteko aukera eman zuena. Horrez gain, Euroeskualdeak estatuen eta mugaz gaindiko administrazio publikoen arteko koordinazio hobeago baterako deia luzatu zuen, azken horien marko juridiko eta finantzarioak urratuak izan ez daitezen.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?