“Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy” kongresua Donostiako Kursaal Biltzar jauregian ospatuko da azaroaren 26 eta 27an. Euskadiko industria linguistikoen LANGUNE elkarteak antolatuta, Federal Union of European Nationalities (FUEN) elkartearen laguntzarekin, Europa osoko 30 hizlari baino gehiago elkartuko ditu, 15 hizkuntza gutxituen errealitatea ezagutarazteko.
Kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek bertako ekonomiei egindako ekarpenak agerian jarriko ditu. Era berean, teknologia berrietan zein inguru digitalean hizkuntza gutxituak izatearen garrantzia azpimarratzea du xede, esfortzu horrek dakarren erronka eta aukera ere azpimarratuz.
Azken urteetan adimen artifizialak izandako eztandak ingelesaren hegemonia indartu du arlo digitalean eta beste hizkuntzek, bereziki gutxituek, esfortzu bikoitza egin behar dute haien presentzia bermatzeko. Hortaz, garrantzitsua da aniztasun linguistikoa inguru digital eta teknologikoan ere kudeatzea.
“Hizkuntzen irabazia” kongresuak bereziki Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko erakundeek euskara teknologia berrietan atzera ez gera dadin egindako ahaleginak erakutsiko ditu, eta Europako beste hizkuntza gutxituen jardunbide egokiak ezagutzeko aukera emango du. Era berean, hizkuntza ezberdinek haien herrialdeetako ekonomiei egindako ekarpenak eta Europar Batasunak hizkuntzen garapenari buruz daukan iritzia ezagutu ahalko ditugu.
Kongresuak Euroeskualdearen bermea izango du, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Donostiako Udalaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Bethlen Gábor funtsaren eta Fundazioko beste babesleen lankidetzarekin ere.