Fipadoc écoresponsabilité audiovisuel

Ikus entzuneko sektore jasangarriagorantz Euroeskualdean!

04.02.2025

Fipadoc programa profesionalaren esparruan, Biarritzen ospatutako dokumentalen nazioarteko jaialdian hain zuzen, Euroeskualdeak 2025eko urtarrilaren 27an mahai‑inguru bat antolatu zuen Euskadi, Akitania Berria eta Nafarroan ikus‑entzuneko ekoizpenetan ardura ekologikoa sustatzeko martxan jarritako ekimenei buruz.

Euroeskualdeko gobernu kideak eta haien agentzia kulturalak batzen dituen lan‑taldearen lanaren fruitu eta ikus‑entzuneko ekosistemaren garrantzia zein Euroeskualdearen eta Fipadoc‑en artean ezarritako lankidetza azpimarratzeko xedearekin, erakundeko zuzendari den Arola Urdangarín‑ek burututako mahai‑inguruak sektoreko gai erabakigarriari heldu zion: ekoizpenetako karbono‑aztarnaren murrizketa.

Eneko Muruzabalek, BILIBIN Circular‑eko ekonomia zirkularreko eta kulturako aholkulariak, aurkeztu zuen Basque Green Film ekimena, Ebren ingurumen‑betebeharrei jarraiki ekoiztetxeei jardunbide ekologikoetara trantsizioan laguntzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako idazkaritza tekniko bat. Euskadi ekoizpen zinematografiko jasangarriagoko erreferentziazko lurralde gisa kokatzeko nahiarekin, Basque Green Filmek zerbitzu sorta zabala eskaintzen die sektoreko eragileei:

– ekoizpen baten eragin ekologikoa azaltzeko eta jasangarritasun plan bat nola sortu argitzeko gida bat.

– ekoizleentzako aholkularitza pertsonalizatua: 40 egitura baino gehiagorentzat onuragarria izan da zerbitzu hau 2022tik.

– ikus‑entzuneko ekoizpenerako Green Manager formakuntza‑lantegiak.

– zinema, antzerki eta musikarako karbono‑aztarnaren kalkulagailu bat.

Jérémie Obispo, Akitania Berriko eskualdeko Zinema eta Ikus‑entzuneko Unitateko buruzagia, martxan jarritako neurriei buruz aritu zen, hala nola 2019an trantsizio ekologiko eta energetikoa bizkortzeko ekindako Neo Terra estrategia, zeina orain kulturara zabaltzen den. 2024. urtearen amaieran ardura ekonomiko eta sozialari eskainitako lan‑talde bat sortu zen ekoizleak sentsibilizatu eta etorkizunean zineman martxan jarriko diren neurriak hartzen laguntzeko, izan ere Zinemaren Zentro Nazionalak karbono‑aztarna bikoitzeko proiektuentzako laguntzak baldintzatuko ditu.

Euskadik bezala, Akitania Berria eskualdeak ikus‑entzuneko sektoreko karbono‑aztarna murriztera bideratutako datorren arau europarrari aurreratu nahi zaio, eta trantsizio ekonomikora bideratutako ekimen zehatzak babesten ditu, hala nola France Tabac proiektua, zeinak fabrika zaharra zinemari eskainitako eremu bihurtu nahi duen, baita dekoratuetatik datozen materialak birziklatzeko zentro ere.

Azkenik, Arturo Cisnerosek, Nafarroako Ikus‑entzuneko Clusterreko (CLAVNA) arduradunak, ber erakundeak jasangarritasun arloan egindako lana aurkeztu zuen, bereziki ikus‑entzuneko industria nafarraren egoera azaltzeko egindako txostena, zeinak agerian jarri zuen sektore sortzaileko zerbitzu‑hornitzaileak prestatzeko eta Europa mailan araudia bateratzeko beharra, gai bereziki erabakigarria mugaz gaindiko ekoizpen partekatuen testuinguruan. Arlo horretan aurrera egiteko, CLAVNAk 2024ko urrian sinatu zuen akordio estrategikoa Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarekin, grabaketen karbono‑aztarna murriztea eta eragileei proiektuetan barneratu beharreko jardunbide arduratsuei buruz sentsibilizatzea helburu.

Hiru lurraldeetako hizlarien eta Fipadocera bertaratutako profesional laguntzaileen esperientzien partekatze horrek Euroeskualdeko mailan eskaintzen den lankidetza markoari buruz hausnartzeko aukera eman eta kide guztiek mugaz gaindiko ekoizpen partekatu jasangarriagoekiko daukaten konpromisoa berretsi zuen. Euroeskualdeak Ksigune, CLAVNA eta Pôle Magelis‑ek burututako Euroregional Green Audiovisual Hub proiektua babesten du, zeinak ekoizpen modelo jasangarri baten inguruko ikus‑entzuneko sektorearen balio‑katea konektatzea duen xede.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?