Hil Arte Bizi

Punto de Vistak 2027ko Euroeskualdeko Dokumental saria errezebituko du: hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da

26.11.2026
  • Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak «Euroeskualdeko Dokumentala» sariaren edizio berri bat abiarazi du. Sariak 6.000 euroko zuzkidura du.
  • Saria Iruñeko Punto de Vista Nazioarteko Zinema Dokumentalaren Jaialdian emango da, 2027ko martxoaren 9tik 14ra.
  • Film luze dokumentalak, film labur dokumentalak eta dokumental-sailak aurkez daitezke.
  • Hautagaitzak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da, 12:00etan.

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak «Euroeskualdeko Dokumentala» sariaren edizio berrirako hautagaitzak aurkezteko epea gaur ireki du. 6.000 euroko zuzkidura duen sari honen bidez, Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako ekoiztetxeek sustatutako dokumentalen sorkuntza babestu nahi da. Donostian eta Biarritzen izan ondoren, aurten sariaren egoitza Iruñea izango da, Punto de Vista jaialdian.

Dokumental-formatu guztiei irekitako saria

Akitania-Berrian, Euskadin edo Nafarroan egoitza duten ikus-entzunezko ekoiztetxeek beren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte. Hiru formatu onartuko dira: film luze dokumentalak, film labur dokumentalak eta dokumental-sailak.

Aurkeztutako proiektuek Euroeskualdearen aberastasun kulturala, talentua, hizkuntzak, historia eta ondarea islatu beharko dituzte, betiere ikuspegi berritzaile eta konprometitu batetik.

Hautatutako proiektu finalistak Punto de Vista jaialdian aurkeztuko dira, 2027ko martxoaren 9tik 14ra, Iruñean. Jaialdia erreferentziazko topagunea da zinema dokumentalaren arloan, eta aukera paregabea eskaintzen du sektoreko profesionalekin harremanak sortzeko.

Hautagaitzak Euroeskualdearen webgunearen bidez aurkeztu beharko dira, 2026ko abenduaren 31ko 12:00ak baino lehen. 

Euroeskualdeko ikus-entzunezko sektorea sustatzeko lan-taldea

Saria Euroeskualdeko ikus-entzunezko lan-taldeak sustatzen du. Talde horretan Euroeskualdeko hiru gobernu kideek, ALCAk eta Zineuskadik parte hartzen dute. Helburua lurraldeko ikus-entzunezko sektorea egituratzea eta dinamizatzea da, haren industria, talentuak, filmaketa-kokalekuak, hizkuntzak eta historia balioan jarriz.

Saritik harago, lan-taldeak hiru lurraldeetako ekoiztetxeen arteko topaguneak sustatzen ditu. Ekoizleek ekimen horiek aukera baliagarritzat jotzen dituzte elkar ezagutzeko, lankidetzak bideratzeko eta beren lana ikusgarriago egiteko.

«Euroeskualdeak ahalbidetzen dituen topaguneak funtsezkoak dira ekoiztetxeentzat. Elkartzeko eta elkar ezagutzeko aukera ematen digute; izan ere, elkarren ondoan lan egiten dugu, baina askotan ez dugu elkar ezagutzen», adierazi du Itziar García Zubiri Nafarroako ekoizleak.

«Euroeskualde mailan elkarrekin lan egitea ia berez dator, eta jokoan dagoen interes ekonomikoa benetakoa da. Indarrak batuz gero, gure lurraldea Europan eta nazioartean hobeto kokatzeko aukera izango dugu», gehitzen du Loic Legrandek, Zukugailua ekoizleen elkarteko kideak.

Sari ibiltaria, lurraldeko jaialdi nagusien eskutik

2021ean sortu zen «Euroeskualdeko Ikus-entzunezko Saria», eta urtero lurraldeko jaialdi batean ematen da. Hasieran fikziozko lanak saritzen zituen, ondoren animaziozkoak, eta 2025az geroztik dokumentalaren sorkuntzari eman dio protagonismoa.

Orain arte, honako lan hauek jaso dute saria: Entre muros (2021), Saisons d’oiseaux (2022), El cuerpo de Cristo (2023), La revuelta de las putas (2024), Altxaliliak (2025) eta, 2026an, Fipadoc jaialdian saritutako Hil Arte Bizi (Vivir hasta morir).

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?