- Maia Iribarne-k zuzendutako eta Gastibeltza elkarteak ekoiztutako «Altxaliliak» dokumentalak jaso zuen 2025eko Euroeskualdeko Dokumental saria asteazkenean, irailaren 24an, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren markoan antolatutako LAU HAIZETARA koprodukzio foruan.
- Euroeskualdeko Dokumental sariaren 2026ko ediziorako hautagaitzen fasea 2025eko urriaren 13ra arte egongo da irekita. Dokumentalen sorkuntzara bideratua, Fipadoc‑en ospatuko da, Biarritzeko nazioarteko dokumentalen jaialdian.
«Altxaliliak» dokumentalak, Maia Iribarne Olhagarai‑k zuzendua eta Gastibeltza‑ko Doxa Producciones‑ekin lankidetzan ekoiztua, 2025eko Euroeskualdeko Dokumental saria irabazi du. Saria Akitania‑Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko ikus‑entzuneko lan‑taldeak antolatu du, hiru lurraldeetako gobernuek, ALCA‑k eta Zineuskadi‑k osatua, lurraldeko ikus‑entzuneko sektorea sustatzea xede. Zuzendariak 6.000 euroko saria jaso du, filma garatzen laguntzeko.
Emaitzak LAU HAIZETARA koprodukzio foruko pitching jardunaldian zehar jakinarazi dira, EPE-IBAIA elkarteak (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan antolatua. Pasa den apirilean hautatutako hiru finalistek euren proiektuak defendatu zituzten finantzatzaile eta ikus‑entzuneko sektoreko eta sektore zinematografikoko adituez osatutako epaimahai baten aurrean.
Euskal kulturan oinarritutako proiektu inklusiboa
Altxaliliak proiektu dokumentala da, zeinak euskaraz egindako lehen drag ikuskizuna den Altxalili Show ikuskizunaren eboluzioaren eta horren protagonisten bizitzen jarraipena egiten duen. Queer‑ak, landatarrak eta haien hizkuntza eta kulturari oso lotuak, Altxaliliek («tximeletak» behe nafarreraz) espazio publiko bat birsortzen dute haien askatasuna zabalduz. Maia Iribarne baxenabartarraren begiradarekin, filmak lurralde inklusiboagoa lortzeko borroka islatzen du, egunerokotasuneko eszenak sormen kolektiboko uneekin eta indarrez betetako emanaldiekin konbinatuz, eraldaketa prozesuan dagoen lurralde ireki eta aniztun baten erretratua marrazteko.
2026ko edizioaren irekiera
Euroeskualdeko Ikus‑entzuneko sariaren 2026ko edizioa, berriro ere dokumentalei eskainia, Fipadoc nazioarteko dokumentalen jaialdian ospatuko da Biarritzen, 2026ko urtarrilaren 23tik 31era bitartean. Hautatutako proiektuak jaialdiaren nazioarteko saioetan aurkeztuko dira, sektoreko profesionalen aurrean ikusgarritasun pribilegiatua eskainiz.
Hautagaitzak 2025eko urriaren 13ra arte daude irekiak eta Euroeskualdearen webgunearen bitartez aurkeztu beharko dira. Akitania‑Berria, Euskadi eta Nafarroako ekoiztetxeek ahalko dute parte hartu, dokumental film luzeen proiektuekin.
2021an abiarazia, Euroeskualdeko Ikus‑entzuneko sariak Akitania‑Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko ikus‑entzuneko ekosistema balioztatzea du xede, industria, talentuak, paisaiak, hizkuntza, historia eta lurraldeko beste elementuak nabarmenduz. Urtero jaialdi ezberdinetan ospatutako sari ibiltari hau fikzioan fokuratu zen hasteko, gero animazioan, eta 2025ean dokumentalei omenaldia egiteko pauso berria eman du. Sortu zenetik, Entre muros (2021), Saisons d’oixeaux (2022) El cuerpo de Cristo (2023) eta La revuelta de las putas (2024) bezalako lanak nabarmendu ditu.