Projets Citoyenneté eurorégionale 2026

Hizkuntzak, ondarea, elkartasuna: Euroeskualdeak 500.000 euro bideratu ditu lurraldeko 19 ekimenetara

27.07.2026
  • Euroeskualdeak 500.000 euro baino gehixeago bideratuko ditu 19 ekimenetara 2026ko «Euroeskualdeko hiritartasuna» proiektu-deialdiaren esparruan, lurraldeko kulturari eta gazteriari leku berezia emateko.
  • Edizio honetan, Euroeskualdeak 54 hautagaitza jaso ditu zenbait arlotan, hala nola kulturan, kirolean, hezkuntzan, gazterian, eleaniztasunean eta gizarte errronka garaikideetan.
  • «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektu- deialdia 2026ko irailaren 1ean irekiko da eta 400.000 euroko aurrekontua izango du Euroeskualdeko sektore estrategikoetako proiektuak babesteko: osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria eta sormen industriak.

Euroeskualdearen Batzorde Betearazleak, hiru gobernu kideetako ordezkariz osatuta dagoenak, 2026ko «Euroeskualdeko hiritartasuna» proiektu-deialdiaren hautaketa onartu du. Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroaren mugaz gaindiko lankidetzako 19 proiektu finantzatuko dira 500.000 euro baino gehixeagorekin. Hiru aldeko partzuergoek aurkeztutako 54 hautagaitzaren artean hautatu dira proiektuak, kultura, kirola, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna eta gizarte erronka garaikideen alorretan.

2026ko edizio honek agerian utzi du Euroeskualdeak baduela gaitasuna lurraldeko ondare tradizionala balioesteko eta gazteriaren asmoak uztartzeko, espazio konektatuago eta inklusiboago baten alde. Artisautza-jakintzen digitalizazioa, hizkuntzak ikasteko plataformak, belaunaldi arteko transmisio-sareak: babestutako proiektuek ondarearen eta berrikuntzaren arteko topaketa hori islatzen dute. Proiektu horiek guztiek 500.000 eurotik gorako finantzaketa jasoko dute guztira, eta arreta berezia jarriko dute dibertsitate geografikoan, lankidetzarako hurbilketan eta belaunaldien arteko eraginean.

2026an babestutako 19 proiektuak honela banatzen dira:

  • 7 proiektu kultural, sormen artistikoa, ikus-entzunezko lanen zabalkuntza, ondare oral eta arkeologikoaren balioespena eta jakintza tradizionalen transmisioa barne hartzen dituztenak;
  • 6 proiektu hezkuntzaren eta gazteriaren alorrean, nekazaritza-ekologian, kulturarteko mugikortasun eta egonaldietan, sormen kolektiboan eta ekohiritartasunean fokuratuak;
  • 3 proiektu eleaniztasunera bideratuak, digitalizazioaren, familia-egonaldi linguistikoen eta euskararen inguruko bitartekaritzaren bidez;
  • 2 proiektu kirolaren arloan, saskibaloiari eta euskal pilotari buruz;
  • Proiektu 1 egungo gizarte-erronkei eskainia, migratzaileen harrera eta laguntzari buruzkoa.

Hiru lurraldeetako eragileek sustatutako 19 ekimen hauek berresten dute Euroeskualdeak gaitasuna baduela eragile-sare anitza dinamizatzeko (tokiko erakundeak, elkarteak, ikastetxeak, unibertsitateak, kooperatibak, artista independenteak) eta lankidetzarako benetako hazitegi bihurtzeko. Dibertsitate horrek tartean diren publikoen aniztasuna islatzen du, bai eta hiru lurraldeetako eragileen berrikuntza-gaitasuna ere, mugaz gaindiko lotura sortzen duten ekintza kolektibo originalak irudikatzeko gai direnak, muga administratiboez haratago.

Proiektu hauek babestearekin, Euroeskualdeak bere erantzukizuna mugaz gaindiko lankidetzaren bideratzaile gisa argi uzten du. Konpromiso hori urtez urte gauzatzen da, herritarren ondoan, partaidetzan, elkarlanean eta lurraldeen arteko hurbiltasunean oinarritutako Euroeskualdeko hiritartasun bizi, inklusibo eta iraunkorra sustatzeko.

Euroeskualdeak hurrengo irailaren 1ean ekingo dio 2026ko «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektu deialdiari. 400.000 euro banatuko dira goraldian diren sei sektore estrategikotako proiektu eta eragileak babesteko, hiru lurraldeetako espezializazio adimenduneko estrategiei (RIS4) jarraikiz: osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria eta sormen industriak. 2026ko irailaren 3an Web-mintegia antolatuko da, dispositiboa aurkezteko eta proiektu-lagun potentzialekin harremanetan jartzeko aukera emateko. Izen-ematea esteka honen bidez egin ahal izango da: Euroeskualdearen web-mintegia.

Finantzatutako 19 hiritartasun-proiektuen xehetasunak

Kultura – 7 proiektu

Euroeskualdeak babesten duen lehen alorra Kultura da, zazpi proiekturekin, sormen artistikotik hasi eta ondare bizia balioztatzeraino:

  • AHOTS ZUBIAK: proiektu honek hiru lurraldeetako ahozko ondarearen funtsak egituratu, dokumentatu eta elkartu nahi ditu, metodologia bateratu baten eta partekatutako plataforma digital baten bidez.
  • SAGARGASTRO: 2025ean babestutako DOLAREAK proiektuari jarraituz, sagarra partekatutako ondare bizi bihurtzen du, kultura, formakuntza eta sagardogintzako jakintzen transmisioa uztartuz.
  • IbiLab: hainbat hilabetetako ibilbidea aurreikusten du proiektu honek (kontsultak, sareratzea eta egonaldi artistiko bat barne) Euroeskualdeko ikusentzunezko sare iraunkor bat egituratzeko, ekoizpen kulturalaren inguruan.
  • HAIBA: proiektu honek lurraldeko gaita-zaleak, ikasleak, irakasleak eta musikari formatzaileak bilduko dituen jendaurreko irteera, animazio eta kontzertu zikloa sortu nahi du.
  • ATE+: ekimen honek Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Behereko ondare arkeologikoaren inguruko transmisio- eta formakuntza-sarea sendotzea aurreikusten du.
  • GURE HERRIKO ZAPOREAK: proiektuak Euroeskualdeko gastronomiari eta kulturari buruzko telebista-saioa abian jartzea proposatzen du, tokiko produktuak, ekoizleen lana eta tradizioak balioan jartzeko.
  • ITSUSIAK: leku errealean antzezteko sortutako antzezlan honek lanaren inguruko hausnarketa proposatzen du. Tokiko sortzaileen, aktoreen, teknikarien eta beste profesionalen arteko lankidetza sustatzen du, eta publiko anitza erakartzea du xede.

Hezkuntza eta gazteria – 6 proiektu

Edizio honetako bigarren zutabe diren hezkuntzak eta gazteriak sei proiektu biltzen dituzte, transmisiora, konpromisora eta esperimentaziora bideratuak:

  • GAZTE LUR: proiektua nekazaritza-formakuntza teorikoa jasotzen ari diren gazteen eta esperimentazio-eremuetan jada “probatzaile” gisa ari diren gazteen arteko zubi gisa aurkezten da, mugaz gaindiko ikaskuntza-sarea eraikitzeko.
  • MUI: proiektuak 2012 eta 2013 artean jaiotako gazteentzako udaleku ibiltaria antolatzen du, mugakideak diren udalerrietan bizi diren gazteak elkartzeko, kultura- eta kirol-ekintzen bidez.
  • ELKARREKIN: proiektu honek landa- eta bazterkeria-egoeran dauden 21 gazteri zuzendutako 4 mugikortasun proposatzen ditu, beren beldurretatik eta asmoetatik abiatuta soluzio iraunkorrak elkarrekin eraikitzeko.
  • EUSKAHALDUNTZE BIDEAK: xedea lizeoko gazteek sormen artistiko kolektiboa (antzerkia, dantza, bertsoa, musika) eta dokumental bat ekoiztea da.
  • AISIA-SAREA: proiektuak udalerrien arteko mugaz gaindiko lankidetza-sare egonkorra eratu nahi du, aisialdi hezitzaile, euskaldun eta inklusibo baten zerbitzurako gobernantza-eredu partekatu baterako.
  • HIRU: ekimen honek formakuntza komuna, tresna pedagogikoen sorkuntza partekatua eta jendaurreko esperimentazioak konbinatzen ditu ekohiritartasunaren inguruan, hiru lurraldeetan.

Eleaniztasuna – 3 proiektu

  • PirenAI: proiektuak plataforma digital bat abian jartzen du euskararen eta okzitanieraren ikaskuntza errazteko, bai ikasleentzat bai irakasleentzat pentsatua.
  • XARE: hirugarren edizio honetan, proiektuak kultura digitalari buruzko jardunaldi bat, online pribatutasunari buruzko ihes-jolas bat eta sare sozialetako lehiaketa bat antolatzea aurreikusten du, euskararen inguruan.
  • FAMILION EGONALDIA 3: proiektuak lurraldeko 50 familientzako astebeteko egonaldi esperimental berriak proposatuko ditu, euskaraz lotura iraunkorrak sortzeko.

Kirola – 2 proiektu

  • XARE-SOKA: proiektu honek euskal pilotako materialaren fabrikazioa berritu eta digitalizatzen du, jakintza artisauak zaintzeko eta kirol honetarako sarbidea demokratizatzeko.
  • BENNA III: proiektu honek hiru lurraldeetako saskibaloi-jokalarien arteko kirol-topaketak eta topaketa kulturalak antolatzen ditu, aurten parte-hartzaile gehiagorekin eta txapelketa berriekin.

Gizarte-erronka garaikideak – 1 proiektu

CAA-EH: proiektu honek baliabideak eta informazioa eskaintzen dizkie Euroeskualdean migratzaileen (adingabe zein helduak) harreran eta laguntzan diharduten eragileei.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?