Lehen edizio oso positiboa izan genuen 2025ean, 60 parte-hartzaile baino gehiago bildu genituelarik. Beraz, familiei zuzendutako mugaz gaindiko egonaldiak 2026an itzuliko dira, proposamen indartuago batekin eta nortasun berriarekin: Familia Egonaldia. Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebetek bultzatuta eta Euroeskualdeak finantzatuta, proiektu hau erakundeak mugaz gaindiko lankidetzarekin eta eleaniztasunaren sustapenarekin duen konpromisoan kokatzen da.
Euskara ikasi euskal lurraldea deskubrituz
Familia Egonaldia programak helburu bikoitza du: parte-hartzaileen euskara-maila hobetzea eta familien barruan hizkuntza-erabileretan aldaketa iraunkorrak bultzatzea. Aldi berean, balioa ematen dio lurralde euskaldunaren aniztasunari, haren hizkuntza eta kultura sarbide pribilegiatua baitira.
Ikaskuntzaz haratago, egonaldiak bizikidetza, lankidetza eta belaunaldien arteko transmisioa sustatzen ditu.
Familia osoarentzat diseinatutako programak prestakuntza eta murgiltze-jarduerak bateratzen ditu: gurasoentzako euskara klaseak goizez, haurrentzako jarduerak, % 100ean euskaraz diren belaunaldien arteko dinamikak arratsaldez eta familiarteko gau beilak.
Mugaz gaindiko dimentsioa edizio honen erdigunean dago, lurralde osoko familiei irekia, mugaren bi aldeetako eskola-oporraldiak aldi berean izateak lagundurik.
Hiru egonaldi 2026an
Hiru egonaldi eskaintzen dira 2026an formatu txikian (20 familia, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin), hainbat berrikuntzarekin: iraupen doituak, tarifa murriztuak, aitona-amonei irekitako parte-hartzea eta modalitate ibiltari bat udan.
• Hobekuntza barnetegia (B1 – B2): 2026ko apirilak 5-11
• Erdi-mailako ikastaldi trinkoa (A2 – B1): 2026ko apirilak 13-18
• Familia euskaldunentzako espedizio ibiltaria (uda): 2026ko uztailak 20-25
Familiek talde profesionalen laguntza izango dute, eta formatu horretara egokitutako zentroetan hartuko dute ostatu, formatu ibiltaria barne.
Izen emateak 2026ko urtarrilaren 30era arte zabalik.
Informazioa eta hautagaitzak: www.plazara.eus/familia-egonaldia
Eleaniztasuna, Euroeskualdearen lehentasun estrategikoa
Eleaniztasuna sustatzea funtsezko elementua da lurralde-kohesioa indartzeko eta mugaz gaindiko eremuan bizi eta lan egiten duten eragileen arteko lankidetza-kultura sendotzeko. Familia Egonaldia bezalako ekimenak babestean, Euroeskualdeak hizkuntzaren hesiak murrizten lagundu, Euroeskualdeko lurraldeko hizkuntzen ikaskuntza bultzatu eta euskara gure hizkuntza partekatuaren erabilera hurbiltze- eta inklusio-bektore gisa sustatzen du.


