- Europako Mugako Eskualdeen Elkarteak (AEBR) Sail of Papenburg 2026 saria eman zion Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeari urriaren 29an, Carrickmacrossen (Irlanda) egindako urteko konferentzian. Euroeskualdeak sari hori jasotzen duen hirugarren aldia da, 2016an eta 2018an ere jaso baitzuen.
- Sariak aitortza egiten dio Euroeskualdeak 2016az geroztik mugaz gaindiko enpleguaren arloan garatutako estrategiari, bereziki Interreg POCTEFA AFOMEF LANEAN proiektuaren bidez.
- Hurrengo hitzordua: Empleo Egunak 2026, abenduaren 14an eta 15ean, Euroeskualdearen egoitzan, Hendaian.
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak Sail of Papenburg 2026 saria jaso du, mugaz gaindiko lankidetzaren arloan Europako erreferentziazko aintzatespena. Europako Mugako Eskualdeen Elkarteak (AEBR) emandako sari honek aitortza egiten dio Euroeskualdeak, bere bazkideekin batera, mugaren bi aldeetan bizi eta lan egiten duten pertsonei enplegua eta zerbitzuak eskuratzen laguntzeko garatzen duen estrategiari.
Lurraldeko langileen zerbitzura dagoen estrategia
Epaimahaiak «NAEN Euroeskualdeko mugaz gaindiko enplegurako estrategia» saritu du. Euroeskualdea eta haren bazkideak 2016az geroztik ari dira estrategia hori garatzen, eta, besteak beste, AFOMEF LANEAN proiektua sortu da haren bidez. Interreg POCTEFA programak proiektuaren % 65 finantzatzen du. Helburua da Akitania-Berriaren, Euskadiren eta Nafarroaren artean mugaz gaindiko enplegu-eremu arin eta inklusiboa eratzea.
Zehazki, estrategiak lurraldeko langileek eta enpresek egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoei heltzen die: hizkuntza-oztopoak, araudien arteko desberdintasunak eta informazio-falta. Horretarako, mugaz gaindiko lurralde osoko enplegu-zerbitzuen eta erakundeen arteko lankidetza estua du oinarri.
«Europako aintzatespen honek, lehenik eta behin, gure bazkideekin urratsez urrats eraikitzen ari garen mugaz gaindiko zerbitzu publikoa aitortzen du. Sail of Papenburg saria jasotzeak berretsi egiten du, Europa mailan, gure lanak benetako behar bati erantzuten diola: gure lurraldeko langileek egunero aurkitzen dituzten arazo zehatzak konpontzea, enpleguaren, gizarte-babesaren nahiz fiskalitatearen arlokoak izan. Sari honek herritarren bizitza errazteko ekintzetan are urrunago joatera bultzatzen gaitu», azpimarratu du Leyre Azconak, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariak.
Europako aintzatespena, beste behin ere
Sail of Papenburg sariak Europako mugaz gaindiko lankidetzaren arloko ekimen eredugarriak saritzen ditu. 2026ko edizioak mugaz gaindiko lan-merkatuak izan ditu ardatz, bi erronkaren inguruan: mugako lurraldeetan bizi eta lan egiten duten pertsonek enplegua eskuratzea, batetik, eta informazioa eta zerbitzuak eskuratzea, bestetik.
Sari-banaketa 2026ko urriaren 29an egin zen Carrickmacrossen (Irlanda), AEBRk East Border Region erakundearekin batera antolatutako urteko konferentziaren barruan.
Euroeskualdeak aintzatespen hori jasotzen duen hirugarren aldia da. 2018an, Oulun (Finlandia), AEBRk aitortza egin zion mugaz gaindiko enpleguaren eta eleaniztasunaren alde POCTEFA Empleo eta Eskola Futura proiektuen bidez egindako lanari. 2016an, berriz, Euroeskualdeko beka izan zen saritua. Sari berri honek konpromiso horren jarraitutasuna berresten du.
Hurrengo hitzordua: Empleo Egunak 2026, Hendaian
LANEAN proiektuaren ekintza nagusietako bat diren Empleo Egunak 2026ko abenduaren 14an eta 15ean egingo dira berriro, Euroeskualdearen egoitzan, Hendaian. Mugaz gaindiko leihatila bakarraren ereduari jarraituz, jardunaldi horiek lurralde osoko administrazio eskudunak toki berean bilduko dituzte, mugaz gaindiko langileen galderei erantzuteko.
Enplegua, gizarte-babesa, erretiro-pentsioak, osasuna eta fiskalitatea: parte-hartzaileek erantzun pertsonalizatuak jaso ahal izango dituzte dagokion erakundearen eskutik. 2025eko azaroko edizioetan 150 parte-hartzaile baino gehiago eta hamabost bat administrazio bildu ziren, eta banakako ehunka kontsultari erantzun zieten.
LANEAN proiektuari buruz
AFOMEF LANEAN proiektuak, Interreg POCTEFA programak % 65ean kofinantzatuak, mugaz gaindiko enplegurako espazio partekatua sortzea du helburu. Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea buru duen partzuergo batek sustatzen du, mugaren bi aldeetako bazkide operatiboen parte-hartzearekin. Haien artean daude: France Travail Nouvelle-Aquitaine, Lanbide, Cap Emploi, Mission Locale Pays Basque, Bidasoa activa – Bidasoa bizirik eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Proiektuak, halaber, enpleguaren, fiskalitatearen, gizarte-segurantzaren eta langileen babesaren arloetan eskumena duten bazkide elkartuen sare zabala du oinarri, hala nola CD64, CARSAT, CPAM, DDETS, DDFiP64, URSSAF, SNE, Nafarroako Foru Ogasuna, Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Departamentua, INSS, SEPE-EURES.


