- Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak Europako Eskualdeen Batzordeak ematen duen «Mugak gaindituz Europa eraikitzen» Lurralde Lankidetzarako Europako Taldeen (LLET) Sariko aipamen berezia jaso du.
- Empleo Egunak ekimena saritu dute, mugaren bi aldeetako administrazioak elkartzen dituen leihatila bakarreko ereduagatik, mugaz gaindiko langileen zerbitzura.
- Ekimena LANEAN proiektuaren barruan garatzen da. Interreg POCTEFA AFOMEF programak kofinantzatzen du, eta haren helburua mugaz gaindiko lan-merkatua egituratzea da.
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak Europako Eskualdeen Batzordeak ematen duen «Mugak gaindituz Europa eraikitzen» Lurralde Lankidetzarako Europako Taldeen (LLET) Sarian aipamen berezia jaso du. Aitorpena Meeting of the European Cross-Border Platform topaketan eman dute, eta Empleo Egunak ekimena nabarmendu dute. Mugaz gaindiko langileei zuzendutako informazio-jardunaldi hauek ideia sinple batean oinarritzen dira: administrazio eskudun guztiak leku eta une berean biltzea, herritarrei erantzun koordinatuak emateko.
LEIHATILA BAKARRA, MUGAZ GAINDIKO LANGILEEN IZAPIDEAK ERRAZTEKO
Pirinioen bi aldeetan bizi eta lan egiten duten ia 4.000 pertsona dauden lurralde honetan, administrazio-sistema desberdinen eta erakunde ugariren arteko koordinazioak zailtasunak sor ditzake izapideetan. Horri erantzuteko, Empleo Egunak ekimenak mugaz gaindiko leihatila bakarra eskaintzen du. Horrela, herritarrek egun berean enpleguari, gizarte-babesari, pentsioei, osasunari edo zergei buruzko informazioa eta orientazioa jaso ditzakete erakunde eskudunen eskutik.
2025eko azaroan egin ziren azken edizioetan, 150 lagun baino gehiagok parte hartu zuten, eta ehunka kontsulta artatu ziren. Horretarako, hamabost bat administrazio eta erakunde publiko elkartu ziren. Zerbitzua emateaz gain, jardunaldi hauek erakundeen arteko lankidetza indartzeko ere balio dute, lan-mugikortasuna oztopatzen duten arazoei irtenbide partekatuak bilatzeko.
«Europako aitortza honek herritarrak erdigunean jartzen dituen ikuspegia saritzen du, baita erakunde guztien artean egindako lana ere. Mugaz gaindiko langileen egunerokoa ez da administrazio-mugetan amaitzen. Empleo Egunak ekimenak erakusten du erakundeen arteko lankidetza estuak langileen eta enpresen beharrei erantzun azkar eta eraginkorrak ematea ahalbidetzen duela. Eragile guztiak espazio berean elkartuta, frogatzen dugu mugaz gaindiko lankidetzak pertsonen egunerokoa benetan hobetu dezakeela», adierazi du Arola Urdangarinek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Euroeskualdean.
EMPLEO EGUNAK, LANEAN EUROPAKO PROIEKTUAREN EKIMENA
Empleo Egunak ekimena LANEAN – Euroeskualdeko mugaz gaindiko lan-merkatua garatzeko proiektuaren barruan dago. Interreg POCTEFA programak %65ean kofinantzatzen du.
Lau urteko iraupena duen proiektu honen helburua Euroeskualdean lan-eremu bateratua egituratzea da. Horretarako, lan-mugikortasuna zailtzen duten oztopoak murriztu nahi ditu. Horrez gain, mugaz gaindiko lan-merkatua hobeto ezagutzea, erakundeen arteko lankidetza sendotzea eta langileei zein enpresei zuzendutako informazio- eta laguntza-zerbitzu partekatuak garatzea du xede.
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea da proiektuaren buru. Mugaren bi aldeetako hainbat erakundek hartzen dute parte bertan, besteak beste: France Travail Nouvelle-Aquitaine, Lanbide, Cap Emploi, Mission Locale Pays Basque, Bidasoa activa-Bidasoa bizirik eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Horiez gain, enpleguaren, fiskalitatearen, gizarte-segurantzaren eta langileen babesaren arloko erakunde ugarik ere laguntzen dute proiektuan (CD64, CARSAT, CPAM, DDETS, DDFiP64, URSSAF, SNE, Hacienda Foral de Navarra, Departamento de Hacienda y Finanzas de Gipuzkoa, INSS, SEPE-EURES)
«EUROPAKO ZERBITZU PUBLIKOAREN IKUSPEGI BAT»
Leyre Azcona Euroeskualdeko zuzendariaren hitzetan, sari honek «Europako zerbitzu publikoaren ikuspegi bat» aitortzen du:
«Empleo Egunak ekimenarekin mugaz gaindiko leihatila bakarra sortu dugu, administrazioek elkarren ondoan lan egin dezaten herritarren mesedetan. Aitorpen honek erakusten du Europa ere pertsonentzat baliagarriak diren irtenbide zehatz eta hurbilen bidez eraikitzen dela. Gure helburua da tresna hauek sendotzea, Bidasoaren bi aldeetako herritarrentzat erreferente bihur daitezen».
Aitorpen honek erakusten du mugako lurraldeek berritzeko eta lankidetzan aurrera egiteko duten gaitasuna. Era berean, agerian uzten du mugaz gaindiko lankidetza Europako integrazioa indartzeko tresna eraginkorra dela, herritarrak erakundeetara hurbiltzen dituelako eta haien eskubideak nahiz zerbitzu publikoak eskuragarriago egiten dituelako.


