- Euroeskualdearen Batzar Nagusia Iruñeako Nafarroako Jauregian ospatu da, Nafarroako Gobernuaren egoitzan.
- Hiru lurraldeetako ordezkariek 2025eko aurrekontu-marko berria onartu dute, zeinak 900.000 euroko diru-laguntzak proiektu-deialdietara bideratuko baititu. Gainera, 2025erako estrategiak eta proiektuak zehaztu dituzte.
- Halaber, 2024rako jardueren balantzea onartu du Euroeskualdeak, bere Urteko Txostenean argitaratzen duena, eta bertan zehazten dira lurraldea dinamizatzeko abian jarritako ekintza zehatzak (hemen eskuragarri).
Euroeskualdeak bere Batzar Nagusia ospatu du Nafarroako Jauregian, 2026ra arte presidentetza beregain duen Foru Komunitatearen egoitzan, hain zuzen, eta bertan izan dira hiru lurraldeetako lehendakariak: María Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentea; Alain Rousset, Akitania-Berriko Eskualde Kontseiluaren presidentea; eta, lehen aldiz, Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria.
Batzar Nagusiko 18 kideek 2024an egindako ekintzen balantzea onartu dute eta aurtengo ekitaldirako aurrekontu marko berria bozkatu dute.
2024ko Jardueren Balantzea
2024. urteak euroeskualdeko lankidetza-eragileei emandako laguntzan aurrerapen nabarmenak izan ditu, hala nola, euroeskualdeko hiritartasun deialdiko 20 proiektu berri finantzatu baitira, berrikuntzaren arloan zazpi lankidetza babestu dira, eta Euroeskualdeko Beka 84 ikasle eta doktoregaiei esleitu zaie, haien mugikortasuna errazte aldera.
Euroeskualdeak mugaz gaindiko ondarearen balorizazioan eta euroeskualdeko ekonomiaren garapen lehiakorrean lanean jarraitu du. Horren erakusle dira, besteak beste, MUGALUR proiektua, mugaren mapa mental bat argitaratzearekin batera amaitu zena, edo INKUBA SAREA ekimena, agroelikadura enpresa berriei zuzendutako mugaz gaindiko inkubagailu aitzindari bihurtu dena. Aldi berean, 2022tik hona, Baionako, Gipuzkoako eta Nafarroako merkataritza ganberetako euroeskualdeko merkataritzari buruzko lankidetza estrategikoak 135 enpresari aholku pertsonalizatua eskaini izan die, beren mugaz gaindiko nazioartekotzea laguntzeko.
Euroeskualdeak ere intentsifikatu egin ditu bere ekintzak, lurraldeen eta haien ekosistemen arteko loturak estutzeko. Unibertsitate arloan, Biarritzen ospatutako II. Unibertsitate Foroa bera antolatzeak eta haren baitan UNINAEN plataforma aurkezteak funtsezko izan ziren akademiako eragileen artean sinergiak sustatzeko. Lan arloan, Hendaian antolatutako Mugaz Gaindiko Informazio Jardunaldiek 150 pertsona baino gehiago laguntzea ahalbidetu zuten, beren administrazio eta lan-tramiteetan. Ekintza horiek guztiak mugaz gaindiko herritartasunaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute, eta horien xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
2025eko Aurrekontu Orientazio Berriak
2025eko urterako, Euroeskualdeak 900.000 euro bideratuko ditu lankidetza-proiektuen finantzaziora, bi ardatz handitan banatuta. Lehenengoak euroeskualdeko herritartasunarekin lotutako ekintza guztiak biltzen ditu (kultura, eleaniztasuna, hezkuntza, gazteria, kirola eta gaur egungo erronka sozialak), gaurko saioan onartu da, eta 500.000 euroko aurrekontua izango du. Horretara bideratutako proiektu-deialdia martxoaren 26an irekiko da. Bigarren ardatza euroeskualdeko berrikuntzari eskainia da, eta 400.000 euro bideratuko ditu sektore ekonomiko gakoetan egitura-proiektuak babesteko, hiru lurraldeen adimentsu espezializazioaren estrategiekin (RIS4) bat etorrita (osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria, industria kulturala eta sortzailea).
Bestalde, Euroeskualdeak jarraituko du lankidetza estrategikoaren proiektuak eta lurraldearen dinamizazio lana babesten, merkataritza, ekintzailetza, osasuna edo ikus-entzunezko sektorean mugaz gaindiko aliantza berriak sustatu asmoz. Euroeskualdeko Bekaren edizio berri bat ere aurreikusten da, 60.000 euroko diru-laguntzarekin, ikasleen eta doktoregaien mugikortasun akademikoa sustatzeko, unibertsitate trukeak aberastuz.
Hiru Proiektu egituratzaile Berri
Batzar Nagusiko beste une nabarmenenetako bat AFOMEF POCTEFA deialdiaren baitan berriki hautatutako hiru proiektu estrategikoren aurkezpena izan da. Lehenengoak, TRANSFERMUGI proiektua, mugaz gaindiko mugikortasuna optimizatzeko trenbide- eta autobus-zerbitzuak martxan jartzea aurreikusten du, aldi berean intermodalitatea eta erabiltzaileen esperientzia sendotuz. Bigarrenak, LANEAN izena daramana, mugaz gaindiko lan-merkatuaren sendotzea eta langileek aurre egin behar dieten arazoei irtenbideak bilatzea du helburu. Hirugarrenak, HEZHI proiektua, eleaniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzea du xede, hezkuntza arloan, horrela mugaz gaindiko gunean hizkuntza oztopoak murriztuz.
Hiru gobernuen arteko lankidetza politikoari esker, Euroeskualdeak bere lurraldeen integrazioa sendotzeko borondate irmoarekin aurre egin nahi dio 2025. urteari. Horrez gain, mugaz gaindiko lankidetzan eragile estrategiko eta berritzaile gisa berretsi nahi du bere burua, herritartasunaren aurrerapenerako eta ongizatearentzat zerbitzura.