2026ko «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektu-deialdiaren abian jartzea

31.08.2026

Euroeskualdeak gaur jarri du abian 2026ko «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektuen deialdia. Deialdiak 400.000 euroko aurrekontua du, eta 2026ko urriaren 9ra arte egongo da irekita. «Urrunago iristeko lankidetzan aritu» lelopean, deialdiaren helburua da ekimen berritzaileak sustatzea eta Euroeskualdeko balio-kateak indartzea sei sektore estrategiko eta emergentetan, Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako espezializazio adimenduneko estrategiekin (RIS4) bat etorriz: osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria eta kultura- eta sorkuntza-industriak.

Deialdiaren bidez, lankidetza-proiektu eta proiektu traktoreak abian jartzea sustatu nahi da, hiru lurraldeetan dauden gaitasunak eta osagarritasunak uztartzeko eta berrikuntza-ekosistemako askotariko eragileak mobilizatzeko, besteak beste, enpresak, zentro teknologikoak eta ikerketa-zentroak, unibertsitateak, prestakuntza-zentroak, erakunde publikoak eta bestelako erakunde espezializatuak.

«Euroeskualdeko lankidetzari esker, gaitasunak eta osagarritasunak uztartu ditzakegu, mugak gainditu eta hiru lurraldeentzat balioa sortzen duten proiektuak eta aukerak sustatzeko. Deialdi honen bidez, zenbait eragileren arteko aliantzak sustatu eta mugaz gaindiko balio-kateak egituratzen eta lankidetza-dinamika berriak sortzen lagun dezaketen proiektuak babestu nahi ditugu», azaldu du Leyre Azconak, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariak.

Deialdia Euroeskualdeak eraldaketa digitalaren, espezializazio adimendunaren, jasangarritasunaren, ezagutzaren sorreraren, berrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren arloan dituen lehentasunen barruan kokatzen da, eta Euroeskualdeko ekonomia lehiakorragoa eta erresilienteagoa garatzen laguntzea du helburu.

2026an, Euroeskualdeak mugaz gaindiko balio-kateak egituratzen, soluzio eta zerbitzu berriak garatzen, ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia errazten eta hiru lurraldeetako eragileen artean lankidetza-bide berriak irekitzen lagunduko duten ekimenak sustatu nahi ditu.

Sortu zenetik, «Euroeskualdeko berrikuntza» deialdiak 65 ekimen babestu ditu, eta guztira 3,7 milioi euroko finantzaketa eman du. 2025ean, Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako partzuergoek aurkeztutako 22 proiektuetatik zazpik jaso zuten finantzaketa.

GEHIAGO JAKITEKO WEBINARRA

Euroeskualdeak webinar bat antolatu du 2026ko irailaren 3an, deialdia aurkezteko. Aldez aurretik izena eman behar da. Saioan, deialdiaren ezaugarri eta baldintza nagusiak aurkeztuko dira, eta galdera-erantzunetarako tarte bat ere egongo da, parte-hartzaileen zalantzak argitzeko. «Proiektu-kudeatzaileak eta interesa duten eragile guztiak webinarrean parte hartzera, galderak egitera eta Euroeskualdeko talde teknikoarekin harremanetan jartzera animatzen ditugu, beren proiektuak edo lankidetza-ideiak partekatzeko», adierazi du Leyre Azconak.

Proiektuak prestatzea eta kudeatzea errazteko, proiektu-buruentzako gida bat dago eskuragarri. Gidak informazio praktikoa eskaintzen du proiektuaren etapa bakoitzerako, eskaera egiten denetik proiektua amaitu arte. Erraz irakurtzeko eta ulertzeko dokumentua da, eta ikuspegi praktikoa du nagusiki.

Dokumentu horretan, 2026ko «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektuen deialdia osatzen duten elementu nagusiak jasotzen dira:

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?