Euroeskualdeko Beka esleitzeko batzordea Bordelen bildu zen 2026ko deialdiko onuradunak hautatzeko. Bilera horren ondoren, 61 ikasle eta 9 doktoregai aukeratu dira.
Bekaren helburua ikasleek eta doktoregaiek mugaz gaindiko mugikortasun akademikoko esperientzia bat bizitzea da ,Euroeskualdeko lurraldeko 10 unibertsitate bazkideren esparruan. Guztira, Euroeskualdeak 200 hilabeteko mugikortasuna babestuko du, 60.000 euroko aurrekontu orokorrari esker. Horrek erakusten du erakundeak mugaz gaindiko trukearekiko, unibertsitate-lankidetzarekiko eta euroeskualdeko ibilbide akademikoen eraikuntzarekiko duen konpromiso sendoa.
Hurbiltasuneko mugikortasunaren aldeko beka
2015ean sortua, Euroeskualdeko Beka Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako unibertsitateetan matrikulatutako ikasle eta doktoregaiei zuzenduta dago. Bekak hilean 300 euroko laguntza eskaintzen du Euroeskualdeko hiru lurraldeetako batean mugikortasun akademikoa egiteko.
Programa hau hurbiltasuneko nazioarteko mugikortasunaren logikaren barruan kokatzen da, eta ezagutzaren zirkulazioa, esperientzien trukea eta euroeskualdeko unibertsitate-komunitateen arteko loturen sendotzea sustatzen ditu. Gainera, beka beste laguntza ekonomiko batzuekin bateragarria izan daiteke, ahalik eta pertsona gehienei mugikortasuna errazteko helburuarekin.
Hautagaitzen aurkezpena
Gogorarazten da doktorego-modalitaterako hautagaitzak etengabe irekita daudela. Ikasleen modalitateari dagokionez, uztailaren 1etik urriaren 1era aurkez daitezke eskabideak.
Programa honen bidez, Euroeskualdeak gazteen babesa, mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetzaren sustapena eta Euroeskualdeko herritarren garapena bultzatzeko duen borondatea berresten du, mugikortasunean eta elkar ezagutzan oinarrituta.


