Hil Arte Bizi dokumentalak, Xuban Intxaustik zuzendutakoa eta Humanisticek Arbela Films eta Maelstrom Studios-ekin elkarlanean ekoitzitakoa, 2026ko Dokumental onenaren Euroeskualdeko Saria jaso zuen ostegunean, urtarrilaren 28an, FIPADOCen, Biarritzen ospatzen den Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian.
Hil Arte Bizi film luze dokumentalak, Xuban Intxaustik zuzendutakoa eta Humanistic-ek Arbela Films eta Maelstrom Studios-ekin elkarlanean ekoitzitakoa, 2026ko Dokumental onenaren Euroeskualdeko saria jaso du. Saria Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko ikus-entzunezko lantaldeak – Euroeskualdeko hiru gobernuek eta ALCA eta Zineuskadik osatzen dutena – antolatua dago. Proiektu irabazleak 6.000 euro jaso ditu filma garatzen laguntzeko.
Euroeskualdea kide duen FIPADOC jaialdiaren nazioarteko ekitaldietan egindako pitching saioen amaieran eman zen ezagutzera iragarpena. Finalistak 2025eko urrian hautatuak izan ziren eta beren proiektuak defendatu zituzten ikus-entzunezkoen eta zinemaren sektoreko finantzatzaile eta adituek osatutako epaimahai baten aurrean.

Hil Arte Bizi dokumentalak minbizia duten gaixoei laguntzeko konpromisoa duen Iñurri elkarteko kideen jarraipena egiten du. Bere ekintzen, trukeen eta gurutzatzen diren bizi-ibilbideen bitartez, gaixotasunaren aurrean babesteak, entzuteak eta elkartasunak duten garrantzia nabarmentzen du filmak.
Laguntza kolektiboa ikusarazten duenez —minbiziaren dimentsio gizatiar, emozional eta sozialei adi dagoena—, obrak pertsona kaltetuen zaintzari, duintasunari eta hauek hartzen duten tokiari buruz dugun ikuspegia berritzera gonbidatzen gaitu. Narratiba sentikor eta konprometituarekin, Hil Arte Bizik kontakizun intimoak eta indar kolektiboa elkarrizketan ipintzen ditu eta bere jatorrizko lurraldetik haratago du oihartzuna.
Dokumental onenaren Euroeskualdeko Sari honekin, epaimahaiak lan honen garrantzia aitortzen du, sakonki unibertsalak diren gaiak jorratzen dituena: duintasuna, zoritxarrezko egoeretan eraikitzen diren lokarriak eta elkartasunaren indarra. Era berean, dokumentalaren formatuak gogoetarako eta eraldaketa sozial eta kulturalerako espazio gisa duen zeregina azpimarratzen du.
Euroeskualdeak ikus-entzunezkoekin eta mugaz gaindiko lankidetzarekin duen konpromisoa
Ikus-entzunezko sektoreari laguntzeko estrategiaren barruan, Euroeskualdeak duela urte batzuetatik hona lantalde bat eratu du elkar hobeto ezagutzeko eta mugaz gaindiko lankidetza indartzeko. Talde honen helburua Euroeskualdearen lurraldearen barruan koprodukzioa, hedapena eta obren zirkulazioa sustatzea da.
Bultzatutako ekintza nagusien artean, taldeak topaketa profesional bat koordinatu zuen FIPADOCen sektoreko funtsezko eragileak bilduz: zuzendariak, ekoizleak, banatzaileak eta salmenta-agenteak. Matchmaking saio berri honek lankidetzarako aukera zehatzak sortzea ahalbidetu zuen, koprodukzioaren erronkak partekatzeko eta mugaz gaindiko sorkuntza dokumentaletarako hedapen bide berriak arakatzeko.

Euroeskualdeko Ikus-entzunezko Sariari buruz
2021ean sortua, Euroeskualdeko Ikus-entzunezko Sariak Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen ikus-entzunezko ekosistemari balioa ematea du helburu, bere industria, talentua, paisaiak, hizkuntzak, historia eta lurraldeko beste ezaugarri batzuk nabarmenduz. Izaera ibiltaria du, eta lurraldeko hainbat jaialdik hartzen dute. Hasieran, fikziozko lanei ematen zitzaien saria; ondoren, animaziozkoei; eta, 2025etik aurrera, dokumentalen sorkuntza saritzen du. Aurretik, sariak hainbat lan nabarmendu ditu: Entre muros (2021), Saisons d’oiseaux (2022), El cuerpo de Cristo (2023), La revuelta de las putas (2024) eta Altxaliliak (2025).


