Assemblée générale 2026

Euroeskualdeak lankidetza-ziklo berria ireki du Nafarroa eta Euskadiren artean presidentetzaren transferentzia eginez

10.03.2026
  • Euroeskualdeak ofizialki ospatu du Nafarroa eta Euskadiren arteko presidentetzaren transferentzia, azken honek funtzio hau 2028ra arte hartuko duelarik.
  • Transferentzia astearte honetan Euskadiko Gasteiz hirian ospatutako Batzar Nagusian egin zen. Bertan 2026rako aurrekontu-esparru berria ere onartu zen, proiektuen deialdietarako 900.000 euroko diru-kopurua aurreikusi delarik.
  • Hiru lurraldeetako ordezkariek, halaber, 2025eko jarduera-balantzea onartu zuten, Euroeskualdeak bere Urteko Txostenean argitaratzen duena eta lurralde- eta gizarte-kohesioa indartzeko egindako ekintza zehatzak zehazten dituena (hemen eskuragarri).

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen Batzar Nagusia Gasteizen ospatu zen astearte honetan eta Nafarroa eta Euskadiren arteko presidentetza-transferentzia formalizatu zuen. Nafarroa eginkizun horretan ari zen 2024tik eta María Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak makila sinbolikoki eman zion Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Aldaketa honen ostean Euskadik Euroeskualdearen presidentetza hartuko du bere gain 2028ra arte. «Gaur ez dugu erakunde-erreleboa bakarrik egiten. Proiektu komun baten sendotzea ospatzen dugu. Euroeskualdea, berez, borondate politiko partekatu baten emaitza delako. Muga ez da muga bat, aukera-espazio bat baizik. Hurbiltasuna lehiarako abantaila, gizarte-kohesioa eta Europaren proiekzioa bihur daitekeela erakustea», gogoratu du Imanol Pradalesek.

Une garrantzitsu honi esker, hurrengo ekitaldirako aurrekontu-esparru berriaz gain, azken urtean egindako ekintzen balantzea ere onartu ahal izan zuten Batzar Nagusiko 18 kideek.

2025EKO JARDUERA-BALANTZEA: ERABATEKO BULTZADAN DAGOEN EUROESKUALDEEN ARTEKO LANKIDETZA

2015. urteak berretsi egin du Euroeskualdeak gero eta garrantzi handiagoa duela lurraldearen kohesioaren eta garapen ekonomikoaren zerbitzura dauden mugaz gaindiko proiektuen bideratzaile eta katalizatzaile gisa.

Hainbat ekimenek ilustratu dute dinamika hau. Euroeskualdeko hiritartasunari dagokionez, Euroeskualdeak kultura-, hezkuntza-, kirol- eta elkartasun-arloko 19 proiektu babestu ditu, hiru lurraldeetako herritarrak hurbiltzen eta Euroeskualdearen nortasun partekatua indartzen lagunduz. Aldi berean, Euroeskualdeko berrikuntza-proiektuen deialdiari esker, zazpi lankidetza estrategiko egin dira funtsezko sektoreetan.

Garapen jasangarriak eta lurralde-erresilientziak ere leku garrantzitsua izan dute, mugaz gaindiko mugikortasun arinerako eta datu fidagarri eta partekatuetan oinarritutako lurralde-plangintzarako irtenbide zehatzak bultzatuz, horrela Euroeskualdearen politika publikoen eraginkortasuna eta erresilientzia indartuz.

Era berean, Euroeskualdeak mugikortasun akademikoarekin duen konpromisoari eutsi dio 70 ikasle eta doktoregairi emandako Euroeskualdeko Bekaren bidez. Beka honen helburua nazioarteko mugikortasun hurbilaren logika baten barruan ezagutzaren zirkulazioa erraztea da.

Europa mailan, AFOMEF POCTEFA programak finantzatutako eta Euroeskualdeak zuzenean koordinatutako proiektu estrategikoen bultzadak markatu zuen urtea: LANEAN mugaz gaindiko enpleguaren arloan, TRANSFERMUGI mugikortasun jasangarrirako eta HEZHI eleaniztasunerako. Ekimen hauek berresten dute lurraldearen erronka komunei erantzuteko eta mugaz gaindiko bizitzaren parean dauden irtenbide iraunkorrak eraikitzeko Euroeskualdeak Europako finantzaketa mobilizatzeko gaitasuna duela.

AURREKONTU-ESPARRU BERRIA 2026RAKO ETA «EUROESKUALDEKO HIRITARTASUNA» DEIALDIAREN IREKITZEA

Euroeskualdeak 900.000 euro bideratuko ditu 2026rako mugaz gaindiko ekimenak finantzatzeko, bi ildo nagusitan egituratuta daudenak. Lehenengoa Euroeskualdeko herritarrei buruzkoa izango da, eta 500.000 euro izango ditu kultura, gazteria, hezkuntza, eleaniztasuna, kirola eta egungo gizarte-erronkak bezalako esparruetan lankidetzako eragileek bultzatutako ekintzak babesteko. Hiru lurraldeetako ordezkariek gaur onartu duten deialdi hau martxoaren 11n irekiko da.

Bigarren ildoa Euroeskualdearen berrikuntzari buruzkoa da, eta 400.000 euro bideratuko ditu funtsezko sektore ekonomikoetan (osasuna, fabrikazio aurreratua, nekazaritza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria eta sormen- eta kultura-industriak)  proiektu egituratzaileak laguntzera. Asmoa Euroeskualdeko espazioaren garapen berritzailea, lehiakorra eta jasangarria bizkortzea da.

Bestalde, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak ekimenak bultzatzen jarraituko du mugaz gaindiko merkataritza, eta ikus-entzunezkoen edo osasungintzako sektoreetan. Helburua lurraldea lankidetza estrategikorako espazio gisa sendotzea da, gertutasun geografikoa berrikuntza, lehiakortasuna eta lurralde-kohesioaren palanka bihurtzeko gai izango dena.

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?