- Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak mugaz gaindiko 7 lankidetza-proiektu babestuko ditu 2025ko «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektu deialdiaren esparruan, guztira 400.000 euroko zenbatekoarekin. Deialdi honen helburua Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako entitate eta enpresek elkarrekin bultzatutako ekimen berritzaileak garatzea eta bizkortzea da.
Euroeskualdeko Batzorde Betearazleak, bere hiru gobernu kideen ordezkariek osatua, 2025eko «Euroeskualdeko Berrikuntza» proiektu deialdiaren hautaketa ofizialki onartu du.. Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko zazpi lankidetza-proiektu 400.000 eurorekin finantzatuko dira. Osasunaren, fabrikazio aurreratuaren, nekazaritzako elikagaien industriaren, energia berriztagarrien, habitat jasangarriaren eta sormen- eta kultur-industrien arloetan hiru aldeko partzuergoek aurkeztutako 22 hautagaitzen artean egin da hautaketa.
Hauek dira 2025ean hautatutako zazpi proiektuak:
Bi proiektu fabrikazio aurreratuaren esparruan
- CAST3D proiektuak aluminiozko piezen fabrikazioa modernizatzen du 3D inprimaketaren bidez, azkarrago, merkeago eta zehaztasun handiz ekoizteko aeronautika eta mugikortasun elektrikoa bezalako sektoreetan.
- CIRCE proiektuak 3D inprimaketa erabiltzen du satelite, radar eta 5G sareetarako funtsezko osagaiak garatzeko, kostuak murriztuz eta berrikuntza teknologikoa bizkortuz.
Sormen- eta kultur-industrien arloko bi proiektu
- EUROHUB DESIGN proiektuak diseinuaren mugaz gaindiko sare bat sortzen du, enpresak, adituak eta prestakuntza-zentroak biltzen dituena; sormena, berrikuntza eta enplegua sustatzeko.
- HEDABIL proiektuak euskarazko hedabideen audientzia hobeto ulertzeko tresna komun bat hobetuko du, datu baliagarriak eskainiz, komunikabideen sektorea indartzeko eta garatzeko.
Energia berriztagarrietan oinarritutako proiektu bat
- EKIMUGI proiektuak mugikortasun elektrikoa (ibilgailu elektrikoak) eta mugaz gaindiko tokiko energia-komunitateetan energia berriztagarrien ekoizpena konektatuz trantsizio energetikoa sustatzen du.
Osasunaren sektoreko proiektu bat
- EINEMek elikadurak esklerosi anizkoitza duten pertsonengan duen eragina aztertzen du, nutrizioak beren bizi-kalitatea nola hobetu dezakeen hobeto ulertzeko.
Nekazaritzako elikagaien sektoreko proiektu bat
- INKUBA SAREA 2 nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta ingurumenaren sektoreetan enpresa berriak sortzearen alde dago, Euroeskualdean proiektuak sustatzen dituzten pertsonei eta Euroeskualdeko start-upei lagunduz.
2025ko «Euroeskualdeko berrikuntza» proiektu deialdiaren emaitzak bereziki dinamikoa den eragileen ekosistema bat nabarmentzen du; erronka tekniko, industrial, sozial eta ingurumenekoei irtenbide berritzaileak proposatzeko gai dena. Bai sektoreen trantsizio digitalaren bizkortzean, bai mugaz gaindiko ekosistema berrien egituraketan edo ikerketa aplikatuaren babesean, hautatutako ekimenak Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroaren arteko lankidetzek duten aberastasuna eta egokitasunaren isla dira.
Sinergiak, ezagutza espezializatuak eta azpiegitura partekatuak aprobetxatuz, Euroeskualdeak ekonomia berritzaileagoa, jasngarriagoa eta hobeto konektatua bultzatzen laguntzen du. Lankidetza-ekimen hauei emandako babesak, mugaz gaindiko balio-kateak sendotzeaz gain, garapen-aukera berriak irekitzen dizkie amankomuneko eremu hau osatzen duten enpresei, ikerketa-zentroei eta lurraldeei.
“Euroeskualdeko berrikuntza” proiektuen deialdiari buruz
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak, Euroeskualdeko Berrikuntzari eskainitako mugaz gaindiko deialdiaren bidez, hiru lurraldeetan partekatuak diren espezializazio adimenduneko sektore estrategiko eta berritzaileetan lan egiten duten proiektuak eta eragileak babesten ditu. Euroeskualdeko ekonomia lehiakorra eta digitala garatzen laguntzea da helburua, hiru lurraldeen arteko osagarritasunetan eta sinergietan oinarritutako lankidetza-proiektuak abian jarriz.
2015ean sortu zenetik, “Euroeskualdeko Berrikuntza” deialdiak 52 ekimen babestu ditu, 2,9 milioi euroko guztizko aurrekontuarekin. Sektore estrategiko hauek hartzen ditu barne: fabrikazio aurreratua, aeronautika eta mugikortasun elektrikoa; biozientziak, osasuna eta zilar ekonomia; nekazaritza elikagaien industria eta elikadura osasungarria; energia berriztagarriak; habitat jasangarria, basoa eta zura; sormen- eta kultur-industriak eta ikus-entzunezko industria.


