EMPLEO GUNEAK

EMPLEO EGUNAK: Euroeskualdeak administrazioak batzen ditu mugazgaindiko langile eta enpresak laguntzeko

27.10.2025
  • Mugazgaindiko Informazio Jardunaldiek – Empleo Egunak, toki berean, erantzun praktiko guztiak eskainiko dizkiete mugaren bi aldeetan bizi, lan egin edo lan egiteko asmoa duten pertsonei.
  • Azaroak 17 eta 18an iraganen da 2025eko edizioa, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen egoitzan, Hendaian.
  • Jardunaldi hauek LANEAN – AFOMEF POCTEFA proiektu europarraren baitan antolatuak dira, euroeskualdeko herritar eta enpresen zerbitzura den mugaz gaindiko zerbitzu publiko baten dinamikaren barne.

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN), datozen azaroaren 17 eta 18an, Mugaz gaindiko Informazio Jardunaldien – Empleo Egunak, hirugarren edizioa antolatzen du Hendaian, mugaz gaindiko arroko langile eta enpresentzat ezinbesteko hitzordua. NAEN Euroeskualdeak antolatzen du topaketa, mugaren bi aldeetako administrazio publikoekin lankidetzan, mugaz gaindiko langileen eskubideei eta betebeharrei buruzko funtsezko informazioa emateko helburuarekin.

LEHIATILA BAKARRA HERRITARREN ZERBITZURA

2 egunez, euroeskualdearen lurraldeko biztanleak administrazio nagusien ordezkariekin bildu ahal izanen dira: URSSAF, DGFIP, France Travail, LANBIDE, Servicio Navarro de Empleo, INSS, TGSS, CARSAT, CPAM, CAF, Diputación de Gipuzkoa, Hacienda Foral de Navarra.

Leku berean, erantzun zehatzak eta koordinatuak lortuko dituzte funtsezko gaiei buruz: fiskalitatea, langabezia, erretiroa, gizarte segurantza, osasun asegurua, diplomen aitortzea edo mugaz gaindiko telelana.

Elkarrizketak, banakakoak eta urririk, honako webgunean hitzordua hartuz gero irisgarriak dira : https://www.smartagenda.fr/pro/euroregion-naen/rendez-vous/?langue

Aitzineko edizioek formatu honen eraginkortasuna baieztatu dute: 2024an, 250 hitzordu baino gehiago eginak izan dira banaka 150 parte hartzaile baino gehiagorekin, eta gehienek hainbat erakunde kontsultatu dituzte.

Sergio Perez Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak azaldu duenez, “Empleo Egunak ekimenak leihatila bakarraren printzipioa segitzen du : toki berean, langileak eskumena duten administrazio guztiekin bildu daitezke, galderak egin eta erantzun argiak eta koordinatuak jaso”.

Herritarrei laguntza zuzena emateaz gain, jardunaldi hauek administrazioen arteko lankidetza sustatzen dute, arazo amankomunak identifikatzeko eta irtenbide iraunkorrak elkarrekin eraikitzeko.

LANEAN – POCTEFA europar proiektuaren barne den ekitaldia

Empleo Egunak LANEAN Europar proiektuaren barne dira, INTERREG VI-A POCTEFA 2021-2027 programaren barne, Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) kofinantzatuta. Proiektu honen bidez, mugaz gaindiko enplegu arroa joria, inklusiboa eta iraunkorra finkatu nahi da, guztira 2.724.013,07 €-ko aurrekontuarekin, horietatik 1.770 608,50 € Europar Batasunak ekarriak. Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendariak zehaztu duenez, “LANEANekin hiru lurraldeetako enplegu eragile publiko nagusiak federatu ditugu: France Travail, Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, baina baita Cap Emploi, Euskal Herriko Mission Locale, Bidasoa Activa eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Elkarrekin, eskuz esku ari gara lanean mugaz gaindiko lan merkatuaren erronka handiei aurre egiteko “.

LANEAN hiru ardatzetan oinarritzen da:

  • 1. Mugaz gaindiko enplegu-merkatuaren diagnostiko partekatua;
  • 2. Eragile instituzionalen sare iraunkor bat sortzea;
  • 3. Informazio eta laguntza zerbitzu komunen garapena, Empleo Egunak ardatza honen ekintza nagusienetariko bat izanik.

Proiektu hau AFOMEF (Mendebaldeko Eremu Funtzionala) lurralde estrategia integratuaren zutabeetako bat da, Euroeskualdeak koordinaturik. Mathieu Bergék, Akitania Berriko mugaz gaindirako kontseilari delegatuak, ondorio hau ateratzen du:
“Empleo Egunak bete-betean sartzen dira jarraitasun eta hurbiltasun dinamika batean. Esparru zehatz bat eskaintzen dute mugaz gaindiko gaiak konpontzeko, irtenbide administratibo koordinatuak proposatzeko eta erakundeen eta herritarren arteko konfiantza indartzeko. Beren dimentsio praktikoaz haratago, espazio horiek benetako mugaz gaindiko zerbitzu publikoa osatzen dute: Europako biztanleak hurbiltzen dituzte eta erantzun konkretuak ematen dizkiete eguneroko erronkei, gure mugaz gaindiko bizi-arroa biziarazten dutenen mesederako”.

Dokumentuak deskargatu

Partekatu

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?